«Lehen zuzenekoa etxean, Altzagaraten, egin nahiko nuke»
Konfinamendu garaian ezagutzera eman du Ianire Aranzabe gazte altzagarrak, 'Esan ezin' proiektu berria. Lehen pausoak ematen ari da eta laster EP bat grabatu ahal izatea du helburu.
Ianire Aranzabe (Altzaga, 1999) Esan Ezin proiektuaren sortzaileetako bat da. Sare sozialen bidez zabaldu zuten egitasmo berriaren inguruko lehen pista ematen zuen aurkezpen bideoa. Altzagako gaztea, luze eta zabal aritu da GOIERRIKO HITZArekin, hasi berri duen ibilbidearen, musika sorkuntzaren eta proiektuaren norabidearen bueltan.
Nondik datorkizu musikarekiko afizioa?
Nire etxean beti entzun izan da musika. Euskal musika zen gehien entzuten zutena, trikitixa batez ere. Nik ere gustuko izan dut beti musika eta Ordiziako Musika Eskolan hasi nintzen. Lehenik musika lengoaia, eta ondoren, kantua ikasi nuen. Derrigorrezkoa zen eta horrela hasi nintzen abesten. Eta egia esan gustura egiten nuen.
Ondoren, kitarra klaseak hartzen hasi nahi nuen, baina biolontxeloa jo nuen urtebetez, klaseak beteta zeudelako. Baina azkenean lortu nuen kitarra klaseetan sartzea, eta orduan bai, gustura baino gusturago aritu nintzen. Hori zen benetan egin nahi nuena.
Gainera bultzadatxoa ere izan zenuen, ala?
Ikasturte amaierarako abesti batzuk prestatzen genituen, baina hortik aurrera, etxeko pareten artean geratzen zen guztia. Baina Oriol Flores ezagutzeko zortea izan nuen. Izaro taldeko bateriajolea da eta Laurobarekin ere ibilitakoa, Bartzelona inguruan, Miki Puigekin ere bai. Hortaz gain, musika eskolako bateriako irakaslea ere bada. Ezagutu eta lehen momentutik ederki konpondu ginen, aurrera egiteko asko animatu nau beti. Hasieran gainera, beldur pixka bat ere banuen eta laguntza handikoak izan dira beti haren hitzak.
Esan daikete, bera dagoela pauso hau eman izanaren atzean, iazko udan, bere laguntzarekin, serioago hartzen hasi nintzelako.
Nolatan ezagutu zenuen?
Eskolako emanaldietarako taldeak osatzen ditugu, eta instrumentu desberdinak jotzen ditugun ikasleak nahasten gara taldeetan. Emanaldi horietako baten entseguan ezagutu nuen eta lehen momentutik oso ongi konpondu ginen.
Bestalde, musikazale amorratua zara. Zein musika estilotan mugitzen zara?
Pop-rocka da gehien gustatzen zaidana. Nire erreferenteak, Lain, Enkore, Lauroba edo Berri Txarrak dira. Bitxia da, nigan gehien eragin duten hiru taldeek musika utzi dutela. Dena den, musika egiterakoan, estilo lasaiago batera jo dut, Katamaloren tankerakoa edo.
Aipatu dituzun talde batzuk desagertu direla eta erreleboa hartu beharko diezu…
Ez dakit ba, agian seinale bat da!
Konfinamendu garaian jakin genuen zure berri. Sare sozialetan bideo bat zabaldu zenuen. Zer zen bideo hori?
Ez genekien oso ondo egoera honetan nola aurkeztu esku artean genuen proiektua. Buruari buelta batzuk eman eta pentsatu genuen ideia polita izan zitekeela ingurukoei laguntza eskatu eta ‘esan ezin’ hitzek zer inspiratzen zieten galdetzea. Jende askok parte hartu zuen.
Jasotako erantzunetan oinarritutako testua osatu eta etxekoen laguntzarekin bideo bat grabatu nuen. Proiektu berriaren aurkezpen modura zabaldu genuen sare sozialetan.
Zein erantzun jaso duzu bideoa zabaldu eta gero?
Gertukoenek bazekiten bideoaren atzean zer zegoen. Gainera, esan bezala, gertukoek ere lagundu zuten bideo horretan. Gainontzean, galdera asko egin dizkidate, jakin nahi zuten zer esan nahi nuen. Jakinmina sortu zuen.Hori zen helburua, azken batean.
Zergatik ‘Esan ezin’?
Proiektuarentzat izen bila hasi nintzenean, konturatu nintzen abestiek bizipen pertsonalez hitz egiten dutela batez ere, eta bizi izan dudan azken urteari begiratuta, gainera, nolabait ere buruan bueltaka izan ditudan hitzak direla. Adierazteko zailak diren ideia eta sentipenen aurrean nola aurkitzen garen, nola jokatu, irtenbideak nola bilatu… hori adierazi nahi du. Barne gatazken aurrean, musika oso lagungarria da, hala izan da nire kasuan behintzat.
Bestalde, etxea ere askotan aipatzen dut, izan ere, musika nire etxea dela sentitzen dut askotan, eroso sentitzen naiz.
Proiektuaren aurkezpen bideoan, bakarrik agertzen zara. Bakarlari gisa arituko zara?
Orain arteko bidean eta sorkuntza prozesuan, Oriol Flores eta biok aritu gara. Kontzertuetarako, momentuz ez dugu ezer itxita. Momentuak berak eskatzen diguna egingo dugu, oso formato desberdinak egiteko aukera ematen du proiektu honek.
Aurkezpen bideoaz gain, abesti batzuk ere zabaldu dituzue dagoeneko sarean.
Bai, hala da! Momentuz bi abesti entzun daitezke. Mattin Zeberiok egin ditu bideoak.
Musika, berriz, El Turonet estudioan grabatu genuen, Bartzelonan, eta ahotsak, Zestoako Gaztain estudioan. Masterizazioa berriz, Aberin estudioetan.
Zer moduz esperientzia?
Lehenengo aldia zen niretzat eta beldur pixka batekin joan nintzen. Baina guztia primeran joan zen. Gogo handia dut berriro ere estudioan sartzeko.
Material berria sortzen ari zara?
Poliki ari gara. Denbora hartu nahi dugu gauzak ondo egiteko. Helburua, disko bat agian ez, baina EP bat grabatzea da.
Sortze prozesua nolakoa da?
Orain arte musikaren oinarria Oriolek egin izan du. Ideia horien bueltan sortu ditut nik letrak. Orain arte beraz, musika izan da lehenik eta ondoren letrak. Poliki-poliki, alderantziz ere hasi naiz. Letrak sortu eta ondoren musika jarri.
Konfinamendua sortzeko baliatu duzu?
Hasieran gehien bat. Hau guztia iritsi aurretik nituen ideia batzuen bueltan lanean aritu nintzen. Azken asteetan berriz, ez diot denbora gehiegirik eskeini, Gizarte Hezkuntza ikasten ari naiz, azterketak ere egin beharra eta…Baina helduko diot berriro ere.
Helburuak oraintxe zeintzuk dira?
Momentuz abesti gehiago sortu, eta sortkuntza prozesu horrekin ahal dudan gehien disfrutatzea da helburu nagusia. Sortutako abestiak zuzenekoetara eramatea ere nahiko genuke eta lehen zuzenekoa etxean, Altzagaraten, egitea gustatuko litzaidake. Paraje zoragarria da, uste dut ederra izango litzatekeela, leku oso aproposa da buruan dudana egin ahal izateko.