Legazpiko bandaren kalejirarekin amaitu dira Hegialdeko jaiak
Ekainaren 12an hasi ziren Hegialdeko jaiak Legazpin. Egitarau musikala izan da aurtengoa, txistulariak, banda eta kamio musikatua egon delarik. Segurtasun distantziak mantenduz eta bestelako arazorik gabe ospatu dituzte auzotarrek aurtengo jaiak. Gaur, goizeko 11:00tan Legazpiko Musika Bandak Hegialde auzotik kalejira egin du. Festak ixteaz arduratu den kalejira, bereziki berezia izan da aurten, Legazpiko Musika banda Goierriko lehena izan baita kalean musika eskaintzen. Jesus Castillejo zuzendariak aitortu duenez, ez dute entsegu orokorrik egin konfinamendu garaian, baina etxetik eta telematikoki musikari bakoitza arduratu da abestiak ikasteaz. Taldea bitan banatu behar izan dute segurtasun neurriak bete daitezen, hori dela eta, bandako partaideen erdia ateratzen da orain. Gainera, horietako asko Hegialden jaioak dira.
Bukatzeko, antolaketa lanetan dabilen Sonia Mansok adierazi du aurtengo festak oso ondo joan direla eta jendeak behar bezala jokatu duela, segurtasun neurriak errespetatuz.