Orientazio jolasa Ataungo Barandiaran museoan
Euskal mitologia ezagutzeko jolasa antolatu du gaurko egunez Ataungo Barandiaran museoak. Hurrengo saioa ekainaren 20an izango da.
Euskal mitologia ezagutzeko eta orientazioan trebatzeko helburuarekin antolatu du Ataungo Barandiaran museoak gaurko jolasa. Izena eman duten 23 pertsonek, bost taldetan banatu eta San Gregorio auzoan zehar ezkutatutako zazpi kutxa bilatzeari ekin diote. Kutxa bakoitza aurkitutakoan, kondaira bat irakurri eta galdera batzuk erantzun beharra izan dituzte. Joxe Migel Barandiaranek utzitako ondarea modu dibertigarrian ezagutzea da jolasaren helburua. Hurrengo saioa ekainaren 20an egingo dute.
Ezohiko prebentzio neurriak
Covid-19a hedatu baino lehen, mapak paperean banatzen zituzten. Egoera berezi hau dela eta, gaurko jolasean kutxak aurkitu ahal izateko mapak watsap bidez banatu dira. Horrez gain, kutxak eskularruekin irekitzeko talde bakoitzean arduradun bat izendatu da. Museo barruan musukoak erabili dituzte.