Aralarko liburuaren irakurketa musikatua egingo dute
Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre egileek 'Aralar, mundua leku den lurra' liburuaren irakurraldia egingo dute, Pello Ramirezek musikarekin lagunduta. Saioa ostegunean egingo dute parke botanikoan, neurri bereziekin.
Aurrez aurre eta aire librean. Horrela aurkeztuko dute Aralar, mundua leku den lurra liburua Zaldibian. Irakurketa musikatua izango da, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre egileen eskutik, eta Pello Ramirez musikariak lagunduta. Saioa ostegun arratsaldeko 19:00etan egingo dute, parke botanikoan, eta ordubete inguru iraungo du. Koronabirusa dela eta, segurtasun neurri bereziekin egingo dute ekitaldia, eta herritarrei lurrean jartzeko oihalak eta musukoak edo maskarilak ekartzeko deia egin diete.
Zaldibiako Udalak gogorarazi du “alarma egoerari amaiera eman zaionetik lehen kultur ekitaldia” izango dela ostegunekoa. Hori dela eta, ekitaldia antolatzeko hartu dituzten neurri eta jarraibideek “osasun irizpideak betetzeko bermea” emango dute. Parke botanikoak eskaintzen duen “espazio zabala eta paraje ederra” baliatu nahi dituzte horretarako.
Zaldibiako Udalak ere lagundu egin nahi izan du egitasmoa, eta 100 ale erosi ditu; horietatik 10 udaletxerako eta udal liburutegirako izango dira, eta gainontzeko 90 liburuak, emanaldira etortzen direnen artean banatuko dituzte.
Segurtasun neurri ugari
Era berean, osteguneko ekitaldirako hartutako neurriak jakinarazi dituzte. Herritarrei ordu laurden lehenago (18:45) bertaratzeko eskatu diete, “eskuak garbituta eta musukoa jantzita”. Ekitaldirako sarrera gunea parke botanikoko putzuaren ondoan jarriko dute, eta ilaran, 1,5 metroko tartea gorde beharko da. 12 urtez azpikoek helduren baten ardurapean joan beharko dute, eta ekitaldian zehar isiltasuna gorde beharko dute.
Ikusleak belardian eseriko dira, norberak etxetik eramandako oihalekin. Lurrean esertzeko zailtasunak dituztenentzat, aulkiak ere jarriko dituzte. Behin denak eseri eta distantziak bermatutakoan, musukoa kendu ahal izango da. Bukaeran ere, bakoitzak bere oihal edo aulkia jaso eta modu ordenatuan ateratzeko eskatu dute.