Udarekin batera, normaltasun giroa
Urtaro aldaketarekin batera bukatu dira bai alarma egoera eta baita konfinamendua arintzeko 3. fasea ere, eta udarekin batera etorri da "normaltasun berria" bezala izendatu duten garaia. Oraindik hainbat segurtasun neurri hartzen jarraitu beharko dute, ordea, herritarrek
Akabo konfinamendua arintzeko faseak. Akabo alarma egoera. Udarekin batera hasi da “normalitate berria” bezala izendatu duten aroa. Mugak atzera zabaldu dituzte, eta Nafarroara nahiz Ipar Euskal Herrira joateko aukera bada dagoeneko. Hainbat arau eta jende muga ere arindu egingo dituzte gaurtik aurrera. Horrek guztiak, ordea, ez du esan nahi koronabirusaren aurreko egoera bera izango denik; oraindik ere hainbat segurtasun neurri hartu beharko baitituzte herritarrek. Maskarila edo musukoak erabiltzea eta higiene neurriak mantentzea izango dira horietako batzuk.
Azken egunetan igoera berri bat izan da koronabirusaren positibo kasuetan, Bizkaian 27 kasu atzeman dituzte, eta Araban eta Gipuzkoan zazpina kasu berri. Goierri libratu egin da momentuz asteburuko igoera horretatik, astebetean ez baita kasu berririk agertu eskualdean.
Normaltasun berrirako prestatzen
Eusko Jaurlaritzak ostiral gauerdian eman zuen bukatutzat konfinamendua arintzeko 3. fasea, ” osasun -eta epidemiologia- egoerak ahalbidetzen duela” baieztatu eta gero. Hala ere, Jaurlaritzaren ustez “horrek ez du esan nahi posible dela dispositibo sanitario osoa desaktibatzea”, eta aurrerantzean ere “zaintza -eta kontrol- egoerari dagozkion prebentzio eta geldiarazte neurriek” indarrean jarraituko dutela.
Jaurlaritzak erabakia “osasun irizpideetan” oinarrituta hartu duela azaldu du, eta pandemiaren bilakaera “oso ona” izaten ari dela. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan “Ezer ez da konfinamendua ezarri baino lehen bezala izango” eta “birusarekin gurekin bizi dela onartu” besterik ez da gelditzen. Gizartearen gehiengoak txertoa hartu arte gaixotzeko arriskua erreala da eta, ondorioz, musukoak derrigorrezkoak izango dira, metro eta erdiko segurtasun tartea mantendu beharko da eta prebentzio neurriak ezarri beharko dira lantokietan, hezkuntza zentroetan, merkataritza guneetan…