Sarek ‘Izan Bidea’ ekimena aurkeztu du Ordiziako Barrena parkean
Sarek ibiltarien sarea jarri du martxan. 'Izan Bidea' izenburupean, 3.127.326 kilometro egiteko erronka zabaldu dute; Euskal Herriako biztanle bakoitzeko kilometro bat. Presoen etxerako bidea irudikatuko dute horrela.
Sare elkarteak euskal presoen egoera salatu nahi izan du beste behin, «30 urte baino gehiago pasa dira, euskal presoei eta euren senideei urrunketa politika ezarri zitzaienetik eta gaur egun martxan jarraitzen du». Gainera, goizean Ordizian egin den aurkezpenean ekintzaileetako batek azpimarratu du, «Covid-19aren eraginez, bisitarik gabe egon direla eta egun, espetxe barruan hartu diren neurriek oraindik eta bortitzagoa bilakatu duela egoera».
‘Izan Bidea’ ekimena ezagutzera emateko aurkezpena antolatu du Sarek gaur Ordizian. 2020. urtea salbuespeneko espetxe politikekin amaitzeko urtea dela iritzita. Herritar asko gerturatu dira babesa ematera Ordiziako Barrena parkera. ‘Izan Bidea’ ekimenak adostasunak aktibatu nahi ditu, eta saretze horretan 3.127.326 kilometro egiteko erronka bota du, Euskal Herriak dituen biztanle bakoitzeko bat: oinez, korrika, igerian, bizikletan, eskalatzen, dantzan… Hiru miloi kilometroko bidea, «elkarbizitzarako bidea edota bakerako bidea» izango dela aitortu du bozeramailetako batek.
Ekimenean parte hartzeko ‘Izan Bidea’ aplikazioa jaistea nahitaezkoa da. Horrez gain, sare sozialetan #IzanBidea eta #IbiltarienSarea traolak erabiltzeko deialdia luzatu dute.