«Aizkorrin 100 bat lagun inguru elkartu izan gara»
Uztaileko lehen igandean egin ohi den Aizkorriko Lagunen Eguna ez dute aurten ospatuko. Ekintza ofizialik antolatu ez den arren, mendira joateko asmoa dutela azaldu du Amezti mendi elkarteko kideak.
Aizkorriko Lagunen Eguna ez da egingo aurten.
Udalak aurreko astean bidali zuen oharra esateko egoeragatik uztailean egitekoak ziren ekintzak ofizialki ez direla antolatuko. Halere, mendi elkarteko kideen artean hitz egin dugu eta mendira joan gaitezkeenez batzuek ohiturari eutsiz Aizkorrira joateko asmoa dugu.
Aizkorrik eta Zegamak duten lotura aldarrikatzeko eguna ere bada. Zein da lotura hori?
Maratoia baino lehen ospatu zen eguna lehenengo aldiz, 1999an, eta 2001an egin zen lehenengo Zegama-Aizkorri maratoia. Zegamari eta Aizkorriri izena emateko asmo horrekin sortu zela uste dut. Egun berean egin ziren bi ekimenak hasieran, baina maratoiak indar handia hartu zuen eta bateragarriak ez zirela ikusi zutenez data ezberdina aukeratu zen maratoirako.
Beti hartu al duzu parte?
Urtero ez dakit baina gehienetan han izan naiz. Orain gure lana, Amezti mendi elkartekoen ardura, jendeari laguntzea da. Agian kanpotik baten bat etortzen da eta ez daki bidea, edo motelagoak dira eta erratz lanak egin behar ditugu. Lehen parte hartzaile bezala joaten nintzen eta orain gidaritza lanak egiten ditut.
Zegamarrak izan ohi dira ala kanpotik ere inguratzen dira?
Badago urtero etortzeko ohitura duenik. Aurten ez dakit zer egingo duten, Aizkorrira haien kaxa joango diren ala ez. Beasainen badago urtero etorri izan den talde bat, eta beste bat Zarautz aldean. Nahiko finkoak izan diren taldeak badaude.
Zenbatek hartzen dute parte? Zenbat pertsona elkartzen zarete Aizkorriko puntan?
Azken urteotan bultzada hartu du egunak eta Aizkorrin batetik eta bestetik 80-100 lagun inguru elkartu izan gara.
Aipatu behar da urte batzuetan agian jende gutxiago egon dela. Kaletik goraino joatea exijentea da. Lehen gainera meza egiten zen eta erlojuari begira joan behar zenuen. Batzuentzat agian erritmo azkarregia zen… Horregatik, bi ibilbide daude, guztiek aukera izan dezaten: batzuk Aldaolatik ateratzen dira eta beste batzuk herritik.
Horregatik ezarri al zenituzten bi ibilbide desberdin?
Bai, azkenean jendearen prestakuntzaren arabera aukera izateko. Kaletik Aizkorrira joan nahi eta iristeko komeriak izan dituenik egon da. Agian lau ordu Aizkorrira iristeko eta beheranzkoan erdi zorabiatuta. Inoiz ez da ezer gertatu baina horrelako esperientziak izan ditugu.
Aizkorrira igo eta jaistean dastaketa saioa egiten duzue plazan. Aurten zerbait bazenuten antolatuta dagoeneko?
Udaletxeak antolatzen du eguna, guk gidaritzapean soilik egiten dugu ibilaldian bertan. Azkeneko urteotan behera jaitsitakoan, eguerdian, Eusko Labeleko produkturen bat erretzen da parrilan. Aizkorrira igo direnek doan jan dezakete, eta sagardoa ere izaten da. Aizkorrin bertan udaletxeko langile batek bi txartel ematen dizkio bakoitzari. Igo ez denak ere badu aukera euro edo euro eta erdi ordainduta. Giro polita sortzen da plaza inguruan, eta eguraldi ona badago gainera jendeari gustagarri egiten zaiola uste dut.