Ikasle goierritarrak prest daude unibertsitatera sartzeko probarako
Selektibitatea astelehenean hasiko da. Ikasle bakoitzak gutxienez bost azterketa egin beharko ditu. Azterketak itxiak izan beharrean konbinazioak egiteko aukera izango dute
Goierriko 500 bat ikasleri kale edo bale egiteko garaia iritsi zaie. Unibertsitatera sartzeko proba astelehenean hasiko da eta hiru egun eta gutxienez bost azterketa izango dituzte orain arte jasotako ezagutzak frogatzeko. Beñat Martinez eta Eider Mujika ikasleak prest daude: «Urte guztian zehar egin baduzu lana ez dago arazorik selektibitateari aurre egiteko», dio Martinezek. Mujika ere egunero ari da ikasten, nahiz eta atseden hartzeko eta deskonektatzeko uneak ere badituen. «Tira, lasai egotea ez da horren erraza», zehaztu du.
Selektibitatea ezohiko ikasturtearen amaiera izango da. Koronabirusak kolpetik dena hankaz gora jarri zuen eta azken hilabeteetan inprobisazioa izan da nagusi. Ikasle eta hezkuntza eragileek «informazio falta» salatu dute. Pentsa, selektibitatea Donostiako EHUren campuseko fakultateetan egin beharko duten herenegun jakin zuten. «Egia da zailtasun gehiago aurkitu ditugula. Online bidezko klaseekin nahiko ondo moldatu naiz, baina zalantza gehiago sortzen dira», aipatu du Martinezek. Halere, ez da aitzakia izango: «Klaseak ia denak bideokonferentzia bidez jaso ditugu eta dudak argitzeko erantzunak oso azkarrak izan dira. Hasieran arraroa izan zen, baina behin erritmoa hartuta ongi eraman dugu», gaineratu du. Mujika ere ondo moldatu da, «irakasleak saiatu direlako hurbil egoten. Baina une oro pantaila aurrean egon beharra neketsua ere izan da. Sekulako gogoa dut pantailak nire begi bistatik kentzeko».
Zailtasunak arintzeko asmoz azterketaren datak atzeratu zituzten eta metodologia egokitu zuten. Orain arte, azterketa bakoitzak A eta B aukera izaten zituen eta ezin ziren nahastu, itxiak ziren. Aurten bi aukeren arteko konbinaketa egin ahalko da ikaslearen jarduna errazteko. Hau da, lehen ariketa A aukerakoa izan daiteke eta bigarrena Bkoa ikasleak hobeto egingo duela uste badu. Ikasle bakoitzak, gutxienez, bost azterketa egin beharko ditu; hautazko bi azterketa gehiago ere egin ditzakete, nota altuagoa lortzeko.
Gutxieneko notak, gora
Mujikak medikuntza ikasi nahi du datorren urtean, posible bada EHUren Leioako campusean. 130 plaza daude eta iaz euskaraz matrikulatu zen azkenak 12,446ko nota zuen. «Pentsatzen dut aurtengo aldaketekin orokorrean nota hobeak lortuko ditugula. Ondorioz, gutxieneko notak hazi egingo dira», aurreikusi du Mujikak. Martinezek, berriz, fisikaria izan nahi du. «Asko gustatzen zaidan ikasgaia da, asko gozatzen dut». Berak ere Leioara joan nahiko luke, eta gutxieneko nota 11,812koa da.
Horren nota onak lortzea erronka zaila da, baina unibertsitatera sartzeko proba ikasleen gehiengoak gainditzen du. Iazko datuei erreparatuta, Hego Euskal Herriko ikasleen %96,6ak gainditu zuen eta Gipuzkoako %97,3ak. Lau probintzien artean Gipuzkoa izan zen onena.
Biak daude unibertsitatera joateko irrikaz. «Orain arte ezagunen artean ibili naiz. Ikastolako lagunekin bizitza guztia daramat, eta hemendik aurrera dena berria eta desberdina izango da. Beste etapa bat izango da, eta ekiteko gogotsu nago», esan du Mujikak. «Erregistroz aldatzeko gogoa dut. Gogoa dut gai bakarraren inguruan ikasteko, kasu honetan fisikaren inguruan», erantzun dio Martinezek.