Lehen itzulian, denak lidertzan
Hauteskunde kanpainaren erdian, alderdiek neurri ezberdinean zabaldu dute mezua Goierrin. EH Bilduk ekitaldi gehien, EAJk pisutsuenekin
Koronabirusaren garaiotan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan kaleko presentzia nabarmen urritu da. Propaganda banaketak eta jende arteko txangoak baztertu dituzte alderdiek, azoka-egunen eta festen jendetasuna bilatzeko erraztasuna zaildu zaienean. Hurbiltze metodo horien ezintasunaren ondorioz, mitin eta ekitaldi politiko klasikoetara jo dute. Birusa ez itsasteko segurtasun distantziak utzita, denak eserita eta musukoak jantzita, hori bai.
Goierrin EH Bildu izan da ekitaldi goiztiarrena egin duena. Hauteskunde kanpainaren lehenengo egunean gaur zortzi, San Gregorioko plazan mitina egin zuen Esti Elduaienek, alderdiaren Gipuzkoako batzarkideak. Ekitaldi ugarien eta herri gehienetan burutu dituena, hain zuzen, EH Bildu izan kanpainako lehendabiziko astean. Alkatetza daukan herrietan antolatu ditu mitinak; eta eskualdeko herri hazienetatik hirutan egunotan: Beasainen atzo, Lazkaon gaur eta Legazpin asteartean.
«EH Bilduk gobernatzen duen herrietan hobeto bizi da jendea: lehenak izan gara babes sareak eratzen, eta merkatari, autonomo eta enpresa txikientzat diru laguntzak ematen. Guk pertsonak zaintzen ditugulako, ez negoziorako erabiltzen», azaldu zuen Elduaienek Ataunen.
Hautagai erakuste moduak
Hautagaiei dagokienez, koalizioak ez du lehenengo puntako izen handienen abarora jo. Ibai Iriarte, Oihana Etxebarrieta eta Rebeka Ubera izan dira hizlari Goierrin, Gipuzkoako zerrendan 6., 7. eta 9. doazenak. Horien alboan, tokian tokiko ordezkari politikoen pisua erantsi du: Eraitz Saez de Egilaz beasaindarra (8.a) edo Garikoitz Mujika idiazabaldarra (10.a) kasu.
EAJ, bere aldetik, hautagai pisutsuenekin osatu du orain arteko Goierriko ekitaldi bakarra. Asteartean, Zumarragako plazan, Iñigo Urkullu Arabako zerrendaburua eta jarduneko lehendakaria, Bakartxo Tejeria jarduneko legebiltzarburua eta Andoni Ortuzar EBBren lehendakaria ziren. Eguneko ekitaldi politiko nagusia zen, jarduneko sailburu ugari ere bertan zirela.
Garai honetako kezka orokorrei helduta, langabezia eta osasuna izan zituen hizpide nagusi Urkulluk, eta berak gidatu duen jaurlaritzaren lana goratu du, murrizketarik egin izana ukatzeko. «Iaz, langabezia %10etik behera jartzea lortu genuen. Orain gure lehentasuna hori da, eta lortuko dugu. Aurrekontu bakoitzean, 7 onartu dira, osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte babesarean gastua igo dugu. Hemen ez da murrizketarik egon, inbertsioa eta gastu arduratsua egon da. Baliabide publikoak handitu ditugu, hori izan da gure lehentasuna». Krisitik ateratzeko, «gizarte kohesioa» jo du errezetatzat.
Legebiltzarrean 4. indarra eta gobernu-bazkide izan den PSE-EEk Zumarragan egin du orain arteko ekitaldi bakarra, larunbatean. Eneko Andueza Gipuzkoako zerrendaburua etorri zen. Ezin izan zuen arrosarik banatu, osasun neurriek eragotzita.
Politika «aurrerakoiak» iragarri ditu Anduezak: «Politika eta zerbitzu publikoen bermea gara; enpleguaren eta industriaren aldeko apustua egingo dugu. Helburua ongizate sistema sendotzea da».