Pilarreneak 100 urte bete ditu
Argentinara 1886an joan zen Demetrio Jauregialtzo idiazabaldarra, eta bertan sortu zuen Idiazabal izeneko herria. 1920an gaur egun eguneko zentroa den indiano etxea eraiki zuen.
Idiazabalgo Pilarrenea etxeak 100. urteurrena bete du aurten. Idiazabalen jaiotako Demetrio Jauregialtzo Albisu eta Pilar Gastaminza emazteak eraiki zuten 1920an, eta neobasko estilokoa da. 1995an erosi zuen udalak, eta gaur egun hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte bertan: taberna, adinekoentzako eguneko zentroa edo ikasteko eremuak daude. Pilarreneaz gain, antzerako estiloko hainbat indiano etxe daude herrian.
Demetrio Jauregialtzo Albisu 1870an jaio zen Idiazabalen. Garaiko egoera zela eta, beste hainbatek bezalaxe Latinoamerikara ihes egin zuen bizimodu berri baten bila 1886an, hamasei urte zituela. Argentinara joan zen Bordeletik ateratako itsasontzian, eta bertan zuen zain Juan Kruz Jauregialtzo anaia. Santa Fe probintziako Arequito herrian finkatu ziren lan egiteko, eta urtebete pasata Kordoba probintziako Cruz Alta herrira mugitu ziren. Lursailak erosteari ekin zioten han XX. mende hasieran bi anaiek.
Idiazabal Argentinan
Lursail horietan Idiazabal izeneko herri baten eraketa bultzatu zuen. Trenbidea bertatik pasatzeko ere hainbat lursail eskaini zituen eta geltokiari bere sorterriaren izena jartzeko eskaera egin zuen. 1910an geltokiaren izena izatetik herri bat izatera pasa zen Idiazabal. Pilar Gastaminza tolosarrarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Argentinan egindako dirutzarekin Euskal Herrira itzuli ziren jaioterrian indiano etxe bat eraikitzeko 1920an: Pilarrenea.
Neobasko estiloko eraikinaz aparte, eremuak bazuen lorategi handi bat eta frontoia. Gaur egun bertan jarraitzen dute garaian landatutako zuhaitzek: «Lorategian dauden bidexkak, farolak eta eskilarak, halere, berriak dira», azaldu du Gema Bengolain Pilarrenea adineko zentroko langile eta Laugara S.L adinekoentzako zerbitzua kudeatzen duen enpresaren sortzaileetako batek. Adinekoentzako eguneko zentroa da orain Pilarrenea, baina beste zerbitzu batzuk ere baditu: «Ikasleentzako ikasketa gela, taberna eta etxebizitza bat ere badago».
Udaletxearen esku
Pilarrenea Gastaminza-Jauregialtzo familiaren udako etxebizitza zen, baina Argentinan bizita gutxitan egoten ziren bertan. Antonio Berasategi idiazabaldarrak azaldutakoaren arabera, hainbat diru laguntza eskaini zituzten: «Eskolan, kanposantuan edo Elizako organorako laguntzak eman zituzten nabarmentzeko edo». Gehitu du etxebizitza hutsik egon zela 50-60. hamarkadara arte, eta 1995ean udalak erosi zuela eremua urbanismo proiektu baten truke.
Urteurrena dela jakinarazteko Pilar Gastaminzaren, Demetrio Jauregialtzoren eta bi seme-alaben irudia jarri dute Pilarreneako leiho batean.