Mila Sukia (Elkarrekin-Podemos) «Aldaketa posible da, baina guztion parte hartzea behar da»
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Elkarrekin Podemosen hautesle zerrendan dago Mila Sukia ordiziarra. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiaren gertutasuna eta inplikazioa azpimarratu ditu. Pablo Iglesias ez da Ordiziara etorriko.
Noiz eta nolatan eman zenuen politikan sartzeko urratsa?
2015ean, udal hauteskundeetan alkategai aurkeztu nintzen lehenengoz. Ordizian eta Goierri mailan, Podemosen inguruko mugimendua sortzen hasia zen. Bazegoen Ordizian sentsibilitate hori zuen jende talde bat eta Barrena jauregian aurkezpena egin zuten. Ni ere hantxe izan nintzen. Haren ostean, alkategai izateko proposamena egin zidaten. Ezezkoa esan nuen, lana, familia… Kargurako aproposa izan zitekeen pertsona bat ezagutzen nuela esan nien, emakumea hura ere. Ondo iruditu zitzaien, eta berarekin hitz egingo nuela, hortan geratu ginen.
Pertsona horrekin hitz egitera joan eta, lanak ez ziola denborarik uzten, familia zuela… Nik emandako arrazoi berberak. Haren etxetik atera eta pentsatu nuen, nola eska diezaioket beste pertsona bati, nik neuk pausoa eman ez dudanean? Eta halaxe sartu nintzen politikan.
Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?
Oso ona! Udal politikagintzan hasi, eta sartzen joan heinean, berak ere gehiago sartzen zaitu, harrapatu egiten zaitu.
Alderdikideekin ere oso gustura sentitu naiz hasiera-hasieratik. Gertutasun handia sentitu dut, babes handia.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako Elkarrekin Podemosen hautesleen zerrendan zaude.
Zerrendak osatzeko, politika oso garbi bat du alderdiak, Gipuzkoako eskualde desberdinetako pertsonek osatzen dugu, sentsibilitate desberdinak biltzeko. Goierritik, Zumarragako Ines Maria Benitez eta ni gaude.
Hauteskundeei begira, primarioak egin zituen Elkarrekin Podemosek, eta afiliatuek, Miren Gorrotxategiri eman zioten babesa. Emaitzak jakin ostean, ordura arteko koalizioaren idazkari nagusia Lander Martinezek, albo batera egitea erabaki zuen eta zuzendaritza berria aukeratzeko prozesuan, Pilar Garridok irabazi zuen. Aldaketa asko denbora gutxian.
Miren Gorrotxategiz nabarmendu nahiko nituzke, gertutasuna, eskuzabala dela, proposamenak egiten dituena, emankorra, langilea, asko inplikatzen dena, konplexurik gabikoa, irtenbideak bilatzearen alde segituan altxatzen dena eta elkarrizketa zalea. Politikan badu ibilbidea, Senatutik pasatakoa da, besteak beste. Erreferente oso ona da.
Eta bai, aldaketak izan dira, behar-beharrezkoak dira gainera eta oraintxe, etorkizunera ilusioz begiratzen du taldeak, gauzak egiteko aukera dagoenaren sentsazioarekin. Uste dut, Elkarrekin Podemos, elementu oso garrantzitsua izango dela.
Ezkerreko indarrak batzearen alde agertu zarete.
Eskuak zabalduta gaude gobernu progresista bat eraikitzeko. Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta PSE-EEren emaitzetan egon daiteke aldaketarako giltza, beraz, gure koalizioak hartu duen konpromisoa da, gobernu horretarako, hiru alderdien artean adostea hautagaia eta hiru alderdion programak kontuan hartuta, adostasuneko gobernu programa bat negoziatzea, koinzidentzia garrantzitsuenetan oinarrituta artikulatu daitekeena. Duela egun gutxi, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak, Aldaketaren aldeko kontratua sinatu zuen Gernikan, eta gobernu berriaren agintaldiaren lehen 100 egunetan, honako hauek adosten laguntzeko konpromisoa hartu zen: adinekoen egoitzen kudeaketa publikoa eta azpikontratatu gabea egiteko, euskal sistema soziosanitarioaren barruan eta bertako langile publikoen erregimenarekin parekatzea; Fracking-a eta erregai fosilak betiko debekatzeko, krisi klimatikoaren aurrean benetan eraginkorra izango den lege handi baten esparruan; eta legealdi berrian ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren sorrera bultzatzeko.
Covid-19aren krisiak, lehena eta geroa markatu ditu. Zein da zuen proposamena?
Koronabirusaren krisia aurrekaririk gabeko gertaera bat izan da, gizateria kolokan jarri duena eta gure zerbitzu publikoen eta gizarte-babesaren sistemaren josturak agerian utzi dituena. Horregatik, beharrezkoak dira klase apalek eta langileek krisien ondorioak berriro ez ordaintzeko tresnak; zerbitzu publikoen eta sozialen sare indartua behar da, gerta daitezkeen berragerraldietan behar bezala jardun ahal izateko.
Bide horretan, Euskadi berreraikitzeko 15 neurri aurkeztu ditugu. Osasun sistema publikoa blindatzea proposatzen dugu eta adineko pertsonei arreta emateko eredua aldatzea. Hezkuntza publikoaren apustu sendoa egitea, inbertsioak eginez pertsonalean, baliabideetan eta azpiegituretan. Indarkeria matxistaren egoeran dauden emakumeen esku-hartze integrala bermatzea.
Diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreforma. Etxegabetzeak eragoztea, alokairua erraztea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea. Erreforma fiskala aberastasuna birbanatzeko. Bermatutako enplegu publikoko plan bat abian jartzea. Erreskate plana langileentzat, autonomoentzat eta ETEentzat
Ekoizpen-eredu jasangarriago baten alde egingo dugu, larrialdi klimatikoaren kontra eragiteko.
Inkestek ez dizuete emaitza onik aurreikusten. Zer espero duzue?
Inkestek emaitza oso txarrak aurreikusten dizkigute beti. Podemos, Espainiako Gobernuan sartu zen momentutik, ikusi da, erabaki oso garrantzitsuak hartzeko gai garela. Badirudi horren beldur direla batzuk. Inkesten emaitzez aparte, komunikabideetan, orokorrean ez zaigu espazio askorik ematen.
Dena den, guk esperantza dugu. 2016ko hauteskunde orokorretan, lehen indarra izan ginen Euskadin, hiru lurraldeetan, EAJren aurretik. Uztailaren 12an ikusiko da herritarrek zer erabakitzen duten.
Uztailaren 12a gertu, herritarrak nola somatzen dituzu?
Uste dut beste puntu batean daudela. Koronabirusaren krisia dela eta, zer gertatuko den, hori da herritarren kezka nagusia. Nik adierazi nahi diedana da, aldaketa posible dela, baina horretarako, guztion parte hartzea behar da. Horregatik, bozka ematera animatu nahi ditut.
Kanpainan gaude eta azken egunetan, Pablo Iglesias Ordiziara etorriko dela zabaldu da.
Hori zen asmoa, baina bertan behera uztea erabaki dugu, azken egunetan Ordizian izan den Covid-19aren berragerraldiagatik. Beste aukera batzuk baloratzen ari gara.