Parte-hartzean errekorra ezarrita dator Azatxo saskibaloi topaketa
VII. edizioa jokatuko da larunbatean. Elkartasunezko topaketa da, aurtengoan, Zaporeak elkartearekin. Berrikuntza gisa, oroigarriak bazkal ostean banatuko dituzte.
Ordiziako Azatxo saskibaloi topaketaren edizio berria jokatuko da asteburuan. Larunbatean izango da, eta zazpigarren aldiz ariko dira Gipuzkoako herri ezberdinetako saskibaloi klubak elkarlanean. Izan ere, hori da topaketaren funtsa: elkartasuna. Eta aurten, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen aldekoa izango da. Joan den urteetako edizioen aldean ere izango dira zenbait berrikuntza, eta horien berri eman dute antolatzaileek.
Joseba Caballero da antolatzaileetako bat, eta aurreratu du buru-belarri ari direla topaketa aurrera eramateko lanean. Inoizko parte hartzaile kopururik altuena bilduko du larunbatean Ordiziako topaketa bereziak, denera, 564 ume eta entrenatzaile gerturatuko baitira Ordiziara -iaz, 425 saskibaloi zaletu biltzea lortu zuten-.
Gipuzkoako zazpi saskibaloi klubetako 47 taldek hartuko dute parte, Ordiziako taldeekin batera: Donostiako Easo, Askatuak eta Aldapeta taldeek, Azpeitiko Iraurgik, Arrasateko Ointxek eta Beasaingo BKLek. Gipuzkoarrez gain, San Prudentzio talde arabarra ere izango da topaketan. Parte-hartzaileen langan, beraz, errekorra ezarriko dute, eta Caballerok dio “pozik eta gogotsu” daudela.
Oroigarriak bazkal ostean
Egunean zehar, 71 partida inguru jokatuko dira Majori kiroldegian eta Urdaneta zein Jakintza ikastetxeetako kirol instalakuntzetan. Denera, herriko bederatzi kantxa erabiliko dituzte. 9:00etan hasiko dira partidak, eta 12:45erako bukatuko da goizeko tanda. Plaza nagusian bazkaria egingo dute jarraian denek elkarrekin, bi txandetan banatuta.
Arratsaldeko partidei ekin aurretik, berrikuntza gisa, orain arte partiden amaieran ospatzen zen itxiera festa ekitaldia bazkalondora lekualdatuko dutela jakinarazi du Caballerok: “Somatzen genuen bukaera aldera parte-hartzaileek beren herrietara martxa egiten zutela, horietako askok topaketetako oroigarri zein dominak jaso gabe; luze egiten zitzaien bukaera arte geratzea”. Horregatik itxiera ekitaldia aurreratzea erabaki dute, eta beraz, klubei zein jokalariei egin ohi zaien aitortza bazkalondoan egingo dute, plaza nagusian bertan.
Bukatu bezain pronto hasiko dituzte arratsaldeko partidak, 16:30ean, eta 19:30erako bukatuko dituzte. Zentzu horretan, aldaketa berri horrekin, partiduak bukatzen doazen eran, klubek geratzea edo alde egitea nahiago duten erabakiko dute. Ohi bezala, topaketa honetan ez dago sailkapenik, jokalari guztiak baitira txapeldunak.
Elkartasuna, Zaporeak elkartearekin
Topaketaren helburua elkartasunezkoa da, eta aurtengoan, Zaporeak elkartearentzat izango da. Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien elkartea da; egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Herritarrek ekarpena egiteko kontu korrontea ere zabaldu dute: ES61 3008 0225 1039 6607 4621.













