Biharko Ordiziako azoka, bertan behera
Ordizian agertutako koronabirus kasu berriak direla eta, bihar egitekoa zen azoka bertan behera utzi dute "segurtasuna bermatzeko". Eskariak telefonoz eta online egin ahal izango dira.
Azken egunetan koronabirus kasu berriak agertu eta gero, hainbat zerbitzu eta ekitaldi bertan behera uzten ari dira Ordizian. Bihar egitekoa zen azoka da horietako bat. “Segurtasuna bermatzeko” helburuarekin, feriarik ez egitea erabaki dute momentuz.
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, hainbat moldaketa egin behar izan ditu Ordiziako azokak. Aurreneko asteetan, postu kopurua eta sarbideak mugatuta, eta lekuz aldatuta ere egin behar izan zuten, nahiz eta gerora, pixkanaka normalduz joan den. Aste honetan ez dute azokarik egingo, ez plazan, ez frontoian. Hala ere, azokako produktuen eskariak telefonoz eta online egin daitezkeela gogorarazi dute, eta gero D’Elikatuz zentroan jaso.