Tabernak eta hainbat zerbitzu itxi eta 900 test egin dituzte Ordizian
Zazpi koronabirus kasu atzeman eta lau taberna itxi dituzte Ordizian, fokua horietako batean izan delako. Udalekuak ere, bertan behera gelditu dira. Barrena parkean jarritako eremuan, 900 PCR test egin dizkiete kutsatutakoen hurbilekoenei; aurreneko emaitzetan ez da positibo berririk agertu.
PCR testak egiteko eremua ezarri du Osakidetzak Ordiziako Barrena parkeko goiko zatian. Zazpi covid-19 kasu positibo atzeman dituzte herrian, eta ondorioz Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte, fokua bertan egon daitekeelakoan. Atzo 900 test inguru egin zizkieten kutsatutako hurbilenekoei, kutsatze komunitarioa den ala ez ikusteko. Atzo azken orduan jakin zituzten test horietatik lehendabiziko 90 bat proben emaitzak, eta guztiak negatiboak izan ziren. Gaur jakinaraziko dituzte gainontzekoak.
Espainiako Gobernuko Fernando Simonen esanetan, Ordiziako fokua familia eta lagun giroan hasi eta komunitatera hedatutako kasua da, «beste erkidego batetik inportatutakoa». Kasu horiek direla eta, Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte, eta bertan izandakoei PCR testak egiteko eskatu die Osasun Sailak.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, larunbatean eman zien Osasun Sailak positibo kasuen berri, eta egunean bertan hartu zuen udalak tabernak ixteko erabakia. Fokua Sarri tabernan egon daitekeela azaldu dute, baina joan-etorria dela eta alboan dauden beste hiru taberna ere itxi dituzte: Sarriz gain, Haka, Miami eta Kebaba. Ezenarrok azpimarratu du gainontzeko hiru tabernetan ez dutela oraingoz kasurik atzeman, baina prebentzio moduan itxi dituztela: «Osakidetzarekin elkarlanean ari gara udaletik ahal diren prebentzio neurri guztiak hartzeko», azaldu du alkateak udalak sare sozialetan elkarbanatutako bideo baten bitartez.
Atzo egin zituzten aurreneko PCR testak, Barrena Parkeko goialdean jarri dituzten karpetan. Nekane Murga Osasun kontseilaria ere bertan izan zen. Hark azaldutakoaren arabera, positibo eman duten pertsonekin harreman zuzena izan dutenak jada identifikatu dituzte eta berrogeialdian daude: «Herritarrei arduraz jokatzeko eta Etxezarreta kale inguruan egon badira PCR testak egitera inguratzeko eskatu diegu», agertu du. Etxezarreta kalean badira beste hainbat taberna ere, baina oraingoz irekita jarraituko dute. Ekainaren 27a geroztik Sarrin, Hakan, Miamin edo Kebaben egon direnek izango dute lehentasuna proba egiterakoan, hau da, langileek eta ohiko bezeroek. PCR testa egin dutenek ere etxean geratu behar dute emaitza jakin arte behintzat. Emaitzak telefonoz jakinaraziko dizkiote herritar bakoitzari, positibo ala negatibo izanda ere.
Maskarak erabiltzeko deia
Hartutako neurri horiez aparte, igandean desinfektazio lanak egin zituzten aipatutako tabernak dauden tokian, Etxezarreta kalean, eta baita inguruko kaleetan ere prebentzio neurri gisa. Ilarak luzeak izan dira testak egiteko, eta herritarrak arduratsu agertu badira ere, maskara erabiltzeko ohitura oraindik ez da hain ohikoa. Adur Ezenarrok «zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko» eskatu die herritarrei: «Ez ditugu maskarak ikusten kalean; maskarekin atera, ez dakigu eta zeri egin beharko diogun aurre», esan du Ordiziako alkateak. Atzo arratsaldean Udaltzaingoa autoz ibili zen herrian bueltaka megafonoarekin, neurriak errespetatzeko gogoraraziz. Aipatutako lekuan egon diren edo sintomak dituzten ordiziarrek 943 00 76 35 zenbakira deitu edo anbulategira joan behar dute. Beste herri batekoa izanez gero, osasun aholkularitzara jo behar dute, 900 20 30 50 zenbakira deituta.
Bestalde, Ordiziako udalekuak hastekoak ziren atzo, baina bertan behera gelditu dira begiraleek testetan negatibo eman arte gutxienez. Anbulategi ondoan dagoen Herri Antzokia ere itxi dute segurtasunagatik.