Lazkaon gaur hasiko dira astearteroko dokumental saioak
Lazkaoko Gazte Asanbladak emanaldi sorta antolatu du uda garairako. Gaur gauean hasiko dute egitaraua, baserri munduko emakumeen testigantzak jasotzen dituen 'Erroa eta geroa' lanarekin.
Lazkaoko Gazte Asanbladak udako dokumentalen emanaldi sorta eskainiko du, aurtengo uztailean ere. Gaurtik hasita, hilabeteko astearte guztietan izango da ikus-entzunezko bat ikusgai, doan eta sarrera libre dela. 22:00etan, plazako pilotalekuan dira emankizunak.
Gaur dute estreinaldia, Erroa eta geroa lanarekin. Euskal Herriko bazter ezberdinetan, baserritik bizi diren emakumezkoen testigantzak jasotzen ditu. Nekazaritza munduak izan dituen aldaketak, generoen araberako lan banaketa, kontsumo ohituak, ekoizpen ereduak edota nekazal munduko transmisioaren etena ditu hizpide, besteak beste.
Uztailean zehar, beste hiru emanaldi ere eskainiko dituzte: 14an, Bide berriak; 21ean, Zizelkariak; eta 28an, Ataun of the dead trilogia osoa.