Maizpiden hasi dira Udako Ikastaroak, on-line ere bai aurten eta ekitaldirik gabe
Osasun segurtasun neurriengatik, ikasle gutxiago hartu ahal izan dituzte barnetegian. Etxetik ikasteko aukera badago, udan ere
Ohi baino aldaketa gehiagorekin bada ere, Lazkaoko Maizpide euskaltegiak antolatu ditu Udako Euskara Ikastaroak. 1977an eskaini zuten lehenengo aldiz uda partean ere euskara ikasteko aukera. Opor garaia baliatuz, urtero-urtero etorri dira harrezkero euskara-ikasleak Maizpidera.
Aurtengoa ere ez da salbuespena. Ekainaren 29an hasi zen udako lehenengo ikastaroa, eta uztailaren 10era arte jarraituko du multzo hark. Bina asteko sei ikastaro antolatu dituzte, azken urteetako joerari eutsiz. Uztailaren 13tik 24ra da bigarrena, abuztuaren 3tik 14ra eta 17tik 28ra hurrenak, eta azken biak abuztuaren 31tik irailaren 11ra, eta irailaren 14tik 25era.
Ordutegi trinkoa izango dute bi asteetan ikasleek, goiz eta arratsalde, 09:00etatik 13:30era eta 15:15etik 19:30era. Euskararen ezagutza ziurtatzeko azterketa-maila guztiak prestatu ahalko dira.
Covid-19aren egoerak behartuta, ordea, udan ere on-line ikastaroa emango du Maizpidek, aurtengo berritasun gisa. «Izan ere, beldurragatik edo egoera pertsonalagatik, ikasle batzuek esan ziguten ezin izango zirela etorri, eta aukera hori ematea erabaki dugu», azaldu du Laida Begiristain zuzendariak.
Kultura egitaraurik ez
Hala, barnetegian beste urteetan baino ikasle gutxiago egongo da aurten. «Segurtasun arrazoiengatik, neurri zorrotzak ezarri ditugu», dio zuzendariak.
Ikastetxearen barruan ezezik, Lazkaoko herrian barrena ere sumatuko da ezohikotasuna. Ikastaroekin batera, uda partea hornitu ohi duen kultura-egitaraua ez du antolatu Maizpidek. «Gure baliabideak eta azpiegiturak kontuan izanda, zaila egiten zaigu gauzak antolatzea bete behar diren neurri guztiekin».