Ordiziako agerraldia aztertzeko batzordea deitu du Eusko Jaurlaritzak
Nekane Murga osasun sailburuak esan du fokuarekin lotuta 30 kasu positibo atzeman dituztela orain arte. Ordiziako Udalak biharko azoka bertan behera uzteko eta eraikin eta parke publikoak isteko agindua eman du.
Ordiziako fokuarekin lotutako koronabirus kasuak 30era igo da, astelehenera arte baino 23 kasu gehiagotara; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak jarraipen batzorde bat deitu du gaur arratsalderako, egoera aztertu eta “beharrezko neurriak” hartzeko. Atzo, 985 PCR proba egin zituzten eta beste 540 egingo dituzte gaur.
Joan den astelehenera arte foku horrekin lotzen ziren zazpi kutsatze lotu ziren. Azken 24 orduetan egindako probetan erregistratutako 14 positibo berriei, hasiera batean agerraldi horrekin lotu ez ziren, baina egindako ikerketen ondoren eta egiaztatu ondoren, guztira, 30 kasu daudela jakinarazi dute.
Gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak batzordea deitu du, egoera aztertzeko. Bertan izango dira, Goierriko hainbat udaletako ordezkariak ere, Ordiziakoaz gain, Idiazabalgoa, Lazkaokoa eta Beasaingoa. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Segurtasun sailek hartuko dute parte, eta egoera aztertuko dute “beharrezko neurriak” hartzeko. Beharrezkoa izanez gero, Eusko Jaurlaritzak “irmotasunez” jokatuko duela ohartarazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.
Adur Ezenarro alkateak esan du, “udalaren ardura lehenbailehen eragitea” dela, “hau noraino helduko den ez dakigulako”. Gauzak horrela, “asteazkeneko azoka ez da egingo, eraikin publikoak istea agindu dugu, eta parkeak ere itxi egingo dira”. Ezenarrok esan du neurri horiek noiz arte iraungo duten ezin duela zehaztu, datu guztiak jaso eta balorazioa egin arte.
Gainera, ordiziarrei eskatu die “egun hauetan, ezinbestekoa ez bada etxetik ez ateratzeko eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, maskara erabiltzeko”. Gogoratu du baita ere, “PCR proba egin dutenek, emaitza jakin arte, etxean geratzeko”.