Kanpoko igerilekuan hiru txanda jarri dituzte
Antzizar kiroldegiko eremu guztiak zabalik daude. Hitzordua eskatu behar da aurretik, edukiera arazoak ekiditeko
Beasaingo kanpoko igerilekuko pilaketak ekiditeko udalak hiru txanda bereiztea erabaki du. Astelehenetik ostiralera, 11:30etatik 14:00tara, 14:15etik 17:15era eta 17:30etik 20:30era. Asteburuan, berriz, 20:00etan itxiko dute.
Eguraldi ona egiten duenean kanpoko igerilekuaren edukiera gainditu egiten da eta mugimendu handiagoa egoteko erabaki dute hiru txanda ezartzea. Bestelakoan, erabiltzaileek ongi barneratu dute kiroldegiaren funtzionamendu berria eta ez da arazo azpimarragarrik sortu.
Hala, Antzizar kiroldegia erabat erabilgarri dago. Orain arte eremu batzuk itxita egon dira, baina bezeroen jarrera ona eta pandemiaren bilakaera ikusirik, espazio guztiak zabaltzea erabaki dute. Halere, orain arte egin bezala, aurrez hitzordua eskatu behar da kiroldegira deituta edo internet bidez. Edukiera mugatua dago eta arduradunek jende pilaketak kosta ala kosta ekidin nahi dituzte.