Arroztasunetik botoa ematera
Maskararekin eta hainbat neurrirekin bozkatu dute goierritarrek. Ordizian neurri gehigarriak hartu ditu udalak segurtasuna bermatze aldera
Igandeko hauteskunde eguna arrotza izan zen Goierrin. Maskara jantzita bozkatu zuten herritarrek. Bozkatzeko aukera izan eta boza eman zutenek behintzat. Ordiziarrentzat are bereziagoa izan zen, hauteslekuetan aldaketak egiteaz gain, neurri gehigarriak antolatu zituelako udalak azken asteotako covid-19 agerraldia dela eta herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak ez baitzuen aparteko neurririk hartu udalak adierazitakoaren arabera.
Goierriko hautesleku guztietan eskuak garbitzeko baliabideak jarri zituzten. Sartu aurretik, eskuak garbitu zituzten botoemaileek, bozka ez zuen beste inork ukitu ontzian bota arte eta jende pilaketak saihesteko neurriak ezarri zituzten. Adibidez, distantzia uzteko marrak eta bidea markatzeko koloretako geziak lurrean. Ordizian Beti Alai pilotalekuan hiru mahai jarri zituzten, ilara bat sortuz mahai bakoitzeko. Gainera, lehentasuna izan zuten 65 urtetik gorakoek, desgaituek eta haurdunek. Laugarren ilara batean kokatu zituzten horiek, eta ilara bakoitza kolore desberdinen bidez bereiztu zuten. Ohi den bezala, mahai bakoitzean papera hartzeko eremua jarri zuten. Askok, ordea, etxetik eraman zuten bozka prozesua azkartzeko. Ordiziako kasuen harira, hedabide ugari izan ziren frontoian goiz-goizetik. Azken asteotan lanean aritu den Ordiziako udal taldea ere bertan izan zen. Adur Ezenarrok Ordiziako Udalaren sare sozialetan azaldu bezala, «eskertuta» agertu dira herritarrak egindako lanarekin, eta hala jakinarazi diote alkateari. «Lanketa garrantzitsua egin dugu herritarrei babes eta segurtasun mezua helarazteko eta uste dugu hori ere erabakigarria izan dela emaitzetan», agertu du parte hartze kopuruari buruz. Izan ere, COVID-19 kasuak direla eta abstentzioa altuagoa izan zezakeela uste zuten. Azkenean, %55,6koa izan da Ordizian.
Ordizia ere pankarta bat zintzilikatu zuen hauteskunde egunean herritar talde batek udal taldearen lana eskertzeko. Emaitzetan ere nabari da esker ona: EH Bilduk Ordizian 2016ko hauteskundeetan baino ia berrehun bozka gehiago jaso ditu.
Bozkatzeko aukerarik ez
Goierritar askok ez zuten botoa emateko aukerarik ere izan. Ordizian bakarrik 40 inguru dira PCR testetan positibo eman eta gero etxean geratu zirenak. Ez zuten haien boto eskubidea bermatuta izan. Haiekin harreman zuzena izan dutenek eta berrogeialdian daudenek, ordea, botoa ematera ateratzeko baimena izan zuten. Urduritasuna sortu zuen erabakiak, eta osasun larrialdian hauteskundeak deitzea ere ulergaitza izan bazen, agerraldiaren ondorioz boto eskubidea bermatu ez izanak zeresana eman du. Dena dela, bozkatzera joan zirenek lasai egin zuten. Agerraldiaren kudeaketaren balorazioa egin dute herritarrek hauteskundeen bitartez. EAJk baino ia 500 boto gehiago lortu ditu EH Bilduk Ordizian, 2016an baino 200 bozka gehiago lortuta.