Izpilunak ikuskizunak bakarrizketak eta musika uztartuko ditu Igartzan

Gaur izango da emanaldia, 20:00etan. Izpilunak bikoteak bakarrizketak sartzen dituen lehen aldia izango da. Diskoa grabatzeko geldialdia egingo dute jarraian

Izpilunak bikotea lehen aldiz oholtza gainera igoko da itxialdiaren ostean, baina gaurkoan bidelagun berria izango dute. Iban Nikolai eta Joseba Loinaz musikariei Kike Biguren umorista beasaindarra batuko zaie Igartzan eskainiko duten saioan, gaur, 20:00etan. «Lehen aldia da musika eta bakarrizketak uztartuko dituguna. Esperimentu bat izango da», aipatu du Iban Nikolaik. «Bakarrizketetan musika laguntzaile gisa bakarrik egoten da. Horri buelta eman nahi izan diogu», gaineratu du. Ordubete inguruko saioa izango da: musikariak hiru bider taularatuko dira eta, tartean, Bigurenen bakarrizketak egongo dira.

Izpilunak bikoteak formatu honetan egingo duen lehen eta azken saioa izango da, bai behintzat denboraldi batean. Diskoa grabatzeari ekingo diote udazkenean eta zuzeneko saioak alboratu egingo dituzte. Diskoa sorkuntza propioko abestiekin eta bertsioren batekin osatuko dute, denak era akustikoan. Gaurko kontzertuan pieza horiez gozatzeko aukera egongo da.

Taularatzeko gogoz daude, itxialdiak eragindako geldialdia eteteko. Halere, Nikolaik onartu du energia gutxiagorekin daudela: «Hau korrika egitea bezala da. Hiru hilabetez taulara igo gabe egonda trebezia galtzen da eta gorputzak nabaritzen du. Deseroso egon zaitezke».

Nikolaik uste du kultur munduan, bereziki musika arloan, ahaleginak egiten ari direla emanaldiak berrekiteko, eta eskertuta dago. «Beldurra ere sumatzen dut», aitortu du. «Gauzak ari dira bere tokia hartzen, baina beldurra ere badago eta horrek prozesua moteldu egiten du. Normala da. Egoera dagoen moduan egonda, tentuz jokatu behar da». Gaurko emanaldia eserita ikusi beharko da, segurtasun tarteak une oro errespetatzeko. Sarrerak Igartzako informazio bulegoan daude salgai, 5 euroren truke. Ikusleek musukoa jantzita egon beharko dute saio osoan.

Didgeridooa, bidelagun

Nikolaik udako emanaldirik ez du izango. Urtero egiten du bira Europan barrena, baina jaialdi asko bertan behera gelditu dira eta gainerakoei uko egin die.

Nikolaik didgeridooa jotzen du, eta berari esker mundua ezagutu du. «Duela 23 urte didgeridoo bat oparitu zidaten Londresen, eta nire kabuz eta adituekin ibili naiz ikasten. Gerora, Europa guztian zehar ibili naiz, jaialdiz jaialdi formatzen. Australian ere egon naiz, aborigenekin», oroitu da. Egun, irakatsi ere egiten du. «Lehen urteetan boom handia izan zuen eta eskari asko nituen. Orain apalago nabil, baina saioren bat edo beste izaten dut. Itxialdian, online bidezko klaseak ere prestatu ditut».

Izpilunak proiektuan didgeridooaren soinu dardarti eta errepikakorra pianoarekin uztartzen ditu. «Bi instrumentu desberdin izan arren, erraz egiten dute bat. Didgeridooa erritmikoagoa da, eta pianoak melodia gehitzen dio», zehaztu du. «Loinaz nire piano irakaslea da eta, jolasean, bi soinuak nahasten hasi ginen. Jada bi urte daramatzagu elkarrekin jotzen, eta jendearen erantzuna beti izan da positiboa», gaineratu du.

Ez daude bi didgeridoo berdin, era naturalean egiten baitira. Eukalipto enborrak hustu egiten dituzte termitek, eta ezpainekin egindako erreberberazioak biderkatu egiten ditu enborrak. Finagoa edo luzeagoa izan, bertatik ateratzen den soinua grabeagoa edo agudoagoa da. «Historiako haizezko instrumenturik zaharrena da», amaitu du Nikolaik.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa