Arcelor Mittalen protestan jarraituko dute langileek, zuzendaritzak jarrera aldatu arte
Hirugarren protesta eta lanuzte eguna egin dute gaur Olaberriko Arcelor Mittal enpresako langileek. Enpresak jarrera aldatu ezean, protestekin jarraitzeko asmoa agertu dute.
Olaberriko Arcelor Mittal lantegian hirugarren protesta eguna izan dute gaur langileek. “Lan hitzarmen duin baten alde borrokan” ari direla azaldu dute, eta langileen eskariei “entzungor” egitea leporatu diote enpresaren zuzendaritzari. Datorren astean enpresa itxi egingo dute, urteroko mantenu lanak egiteko, baina lanera itzulitakoan, protestan jarraitzeko asmoa agertu dute, zuzendaritzak jarrera aldatu eta negoziatzera esertzen ez bada.
Zuzendaritzak egindako lan hitzarmenaren proposamenari ezezkioa eman zioten langileek, eta geroztik, “negoziatzeko borondaterik ez” dutela erakutsi salatu dute sindikatuek. Soldata igoera, egutegiko aldaketak adostuak izatea, bajak osatzeko sorospen kutxaren biziraupena bermatzea eta errelebo kontratuak egingo direla ziurtatzea dira langileen eskari nagusiak.