Udalekuak bertan behera uzteko eta adinekoen egoitzetako irteerak mugatzeko eskatu du Jaurlaritzak
COVID-19aren kasuen gorakada ikusita, babes neurri gehiago hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Udalekuak bertan behera uzteko eskatu die udalei, eta aldundiei, eguneko zentroak itxi eta adinekoen egoitzetako irteerak eta bisitak mugatuko ditzatela.
COVID-19aren kasuen berragerpenak kezka sortu du gizartean, eta baita Eusko Jaurlaritzako arduradunen artean ere. Atzoko PCR probetan 115 lagunek eman dute positibo EAEn, horietatik 63k Gipuzkoan. Nekane Murga Osasun Sailburuak ez du “datuekiko kezka” ezkutatu; “hauek dira datuak: beti jardun dugu erabateko gardentasunaz”. Kutsatzeak gehiago badira ere, Osakidetza inoiz baino azterketa gehiago egiten ari dela azaldu du. “Oso goiz atzematen ari dira kutsatzeak, eta soilik kasu batzuetan artatu behar izan dituzte erietxean. baina garrantzitsua bakartzea ondo betetzea». Kutsadura gehienak aisialdian eman direla azaldu du, eta kutsatuen profila ere aldatu egin dela, orain, batez ere gazteen artean ari baita zabaltzen.
Egoera ikusita, neurri berriak hartu ditu Jaurlaitzak, eta Eudelen bidez, udalei eskatu diete bertan behera utz ditzatela herrietako udalekuak. Aldundiei berriz, adinekoen egoitzetako joan-etorriak mugatzeko eskatu diete. Hala, egoiliarrek ezingo dute kalera atera, eta bisitak ere mugatu egingo dituzte; senide bakarra joan ahal izango da bisitan. Eguneko zentroak ere itxi egingo dituzte, behin behinean. Neurri horiek badaezpadakoak direla azaldu du Murgak, eta “etorkizunean jutsatze gehiago egotea saihesteko” helburuarekin hartu dituztela.
Lagun eta senideen arteko juntadizoetan ere kontuz eta arduraz jokatzeko deia egin du sailburuak. “Ez dugu hamar lagunetik gorako talderik osatu behar: horrek du arrisku handiena”. Eta gogorarazi du, ez gazte, ez zahar eta ez haurrek, inork ez duela inmunitaterik.
Ordiziako agerraldia, ia bukatuta
Azken egunetan batez ere Gipuzkoan agertu diren koronabirus kasu berriak “nahiko sakabanatuta” daudela azaldu du Murgak, eta agerraldi horiek “identifikatuta” dituztela. Azken asteetan zeresan gehien eman duten Orio eta Ordiziako kasuak ia itxitzat eman ditu. Ordizian, beste pertsona batek eman du positibo, baina aurrez positibo emandako beste baten kontaktu estua zela azaldu du sailburuak. Tolosan ere kasu berri ugari agertu dira azken astean, baina “kasu berriak apaltzen” ari direla azaldu du. Azkenik, Zarauzko kanpin batean izandako agerraldiaren harira, kanpina dagoeneko zabalik dagoela azaldu du, desinfektatu eta gero.
Bestalde, Ordiziako Udalak jakinarazi duenez, COVID-19aren berragerpena dela eta bertan behera utzitako hainbat zerbitzu atzera martxan jarri dituzte. Hala, Majori kiroldegia, haur parkea eta liburutegia zabalik daude dagoeneko. Adur Ezenarro alkateak, zuhurtziaz jokatzeko deia egin die herritarrei: