Sorlekura itzulera, abiada bizian
Hiru egunez Urretxuko Ederrenan egin den Euskal Encounter topaketa teknologikoak 3.317 partaide eta 100.000 ikusle bakar baino gehiago elkartu ditu. Antolatzaile taldea «pozik» dago.
Igande gauerdian amaitu zen Euskal Encounter topaketa teknologikoaren 28. edizioa, Grison eta Jaime Caravaca ospetsuen beatbox eta komedia saioarekin. Hasi, ostiralean hasi zen, eta hiru egunetan 3.317 partaide eta 100.000tik gora ikusle bakar baino gehiago konektatu ziren Twitch bidez igorritako saioetan. Antolatzaile taldea «pozik» da emaitzarekin, baita asteburuan egin diren ehundik gora ekintzek izan duten «jarraipen nabarmenarekin» ere.
«Hitzaldien edukiera handitu egin behar izan da, areto birtualak 50 lagun hartzeko prestatuak baitzeuden, eta mintzaldi batzuetan 400dik gora pertsonek parte hartu nahi izan dute. Espazio birtual berriak sortu behar izan dira momentuan guztiei lekua egiteko», azaldu dute antolatzaileek ohar bidez. Sormen digital, programazio, bideo-joko eta hardware arloetako lehiaketek bilkura presentzialen antzeko partaidetza maila izan dute.
Erlojupeko birtuala
Euskal Encounter topaketa sorlekura itzuli da aurten. Urretxuko Ederrena pilotalekuan egin zen lehen aldiz 1994an, 36 partaide, 25 ordenagailu eta Internetik gabe. Aurtengo lanparty-ak ez du harekin zerikusirik izan, segundoko 10 Gb-eko sarea ezarri baitu Euskaltelek, bilkuraren antolatzaileak. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren laguntza jaso du topaketak.
Kirolak ere izan du lekurik. Euskalteleko txirrindulari Mikel Alonso eta Diego Lopez arrabolan aritu zen Bkool plataformaren bidez Euskal Herriko Itzulian egitekoa zen erlojupekoa osatzen, eta asko izan ziren etxetik ibilbidea osatu zutenak.













