Udal zerbitzuak telematikoki emateko arauak onartu dituzte
Beasaingo Udalbatzak udal zerbitzuak telelanaren bidez emateko arauak onartzekoa zen atzoko udalbatzan. Hala, azken hilabeteetako jarduna arautu egin da etorkizunerako. Gainera, udal gobernua sinetsita dago neurri honi esker udal langileen bizi maila hobetu egingo dela, kontziliazioa errazten baitu beraien esanetan. «Gogora ekarri behar da Beasaingo Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Herrilab proiektuaren partaide dela Beasain gizon eta emakumeen benetako berdintasuna lortzeko helburuz, kontziliazio erantzunkidea sustatzeko laborategi edo proba leku dela eta prozesu horretan jarraitzen duela. Honela bada, kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio aipatutako lan sistema berri hau ezartzeko araudiaren proposamenak», diote udaletik.
Araudia osatzeko udal langileen artean galdetegia pasa du udalak eta jasotako emaitzen arabera, hamar lagiletik zortzirentzat etxetik lan egiteko aukera «onuragarria» da. Halere, aurrez aurreko zerbitzua bermatu beharra dagoenez langileek jardun presentziala eta ez presentziala uztartuko dituzte.
EH Bilduk salatu du langileen artean pasatako galdetegiaren emaitzak ez dituztela garaiz jaso. Ekarpen zehatzak ezin izan dituztela prestatu kexu agertu dira. Halaber, langileen batzordeko kideei ez zitzaiela parte hartzeko gonbita egin azpimarratu dute.
Oposizioaren ekarpenak
Oposizioak uste du araudia hobetu daitekeela. Deskonexio digitalaren atala jarri dute adibide gisa, udal gobernuak ez baitu onartu nahiz eta lanaldia garaiz amaitzeko neurriak hartu behar direla elkarbanatu. Telelanak dakartzan gastuak udalak bere gain hartzea eskatu dute eta oinarrizko formazioa eskaintzea ere eskatu dute.
Lan arriskuak gutxitzeko etxeko lantokiaren ebaluazioa «nahitaezkoa» izatea eskatu dute.













