Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzerturako gonbidapenak eskuragarri daude
Abuztuaren 27an, Beasaingo Igartzako jauregian aurkeztuko dute 'Agirre' lana. Aforoa mugatua izango denez, 36 sarrera-gonbidapen jarri dituzte eskuragarri.
COVID-19ak baldintzatutako egoera honetan ere, Beasaingo Udalak kultur jarduerei eustea erabaki du. Hurrengo kultur ekintza abuztuaren 27an, 22:00etan, izango da, Igartzako jauregian. Igartza Musika zikloaren barruan bi musikari goierritar gonbidatu dituzte. Eneko Dorronsoro ataundarar eta Fredi Pelaez lazkaotarra. ‘Agirre’ azken lana aurkeztuko dute.
Igartza jauregiko aforoa mugatua dagoela eta aurreko emankizunetan egin bezala, 36 sarrera-gonbidapen jarriko dira eskuragarri eta erreserba egin beharko da. Izen ematearen ordena izango da gonbidapena lortzeko irizpidea. Horretarako hesteka hau jarraituz galdetegia bete behar da. Behin kopuru hori betetzen denean galdetegia itxita geldituko da.
Emanaldira sartzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Kontzertua Goierri Telebistak grabatua izango da eta kontzertuaren hurrengo astean Beasaingo Udalaren YouTube kanalean ikusgai izango da.
‘Agirre’ izena duen diskoa 2019 ko abenduan grabatu zuten Beasaingo Pottoko estudioan, zuzeneko saioetan.
Eneko Dorronsoro, gaur egun Los Zopilotes Txirriaos, Unidad Alavesa eta Errebal taldeetan dabil.
Talde hauekin bost diska ditu grabatuak, bere lehenengo bakarkakoaren aurretik. Musika irakaskuntza eta kontzertuak ditu ogibide.
Fredi Pelaez piano modernoko irakaslea da Donostiako Musika Eskolan. Musikenen egin zituen bere ikasketak. Dynamic Trio, FMA, eta Organicks taldetan partaidea eta beste proiektu askotan ibili da lanean. Besteak beste, Donostia, Gasteiz, Goierri, Tolosa eta Segobiako Jazz zein Blues jaialdietako eszenatokietan ibilia da.