Amaitu dira Altamirako atletismo pistako berrikuntzak
Lanak amaitu berri dira Ordiziako Altamirako atletismo pistan eta datorren asteazkenetik aurrera egongo da erabilgarri
Maiatzean hasi zituzten Ordiziako Altamira auzoan dagoen atletismo pistako berrikuntzak, eta asteazkenetik aurrera, abuztuak 12, egongo da erabilgarri pista berria.
Hasiera batean pistaren gainazala eraberritzea aurreikusten zen arren, berrikuntza lanekin hasi zirenean ohartu ziren okerren zegoen zatia oinarria zela. Ur geruza txiki batek hezetasuna eragiten zuela ikusi zuten, eta beroarekin lurrundutakoan, gainean zegoen edozer altxatzen zuen. Hori ikusita, pista osoa eraberritzea erabaki zuten. Gaur egun Gipuzkoa osoan ez dago Ordiziako pistaren ezaugarriak dituen beste pistarik, eta horrek, une honetan Gipuzkoako erreferente bilakatu du.
OPSA, Obras y Pavimentos Especiales, S.A, izan da lanak egiteaz arduratu den enpresa. Lanen hasierako kostua 278.975,10 eurokoa izan bazen ere, lanak egiten ari ziren bitartean pista osoa eraberritzeko beharra ikusi zutenez, azkenean kostua 77.989,77 € handitzea ekarri dute.
ESTALPE BERRIA
Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. Hori dela eta, harmailen azpian joango den estalitako gune bat eraikitzea erabaki dute, 45 metroko eremu estalia eta 2-3 kale hartuko dituena. Estalpe hau irailean amaitzea espero da. Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat egokitu da pistako azken kalearen kanpotik, belar artifizialarekin pista osoa inguratuz. Pista zabaldu aurretik homologazioaren urratsa faltako litzateke. Prozesu horri astearte honetan emango zaio hasiera. Teknikariek materialak frogatu eta aztertuko dituzte, eta ondoren, dagozkion ziurtagiriak emango dizkiote pistari.