Olaberriko San Juan Txikiko jaien ordezko ekintzak
Olaberriko Kultura sailak hainbat ekintza antolatu ditu aurtengo San Juan Txiki jaiak nolabait ere ospatzeko asmoz
Aurtengo Olaberriko San Juan Txikiak festa moduan ospatuko ez diren arren, bertako Kultura sailak 5 ekintza antolatu ditu jai giroa bizirik mantentzeko asmoz.
Abuztuaren 28an, Andoni Mutiloak “Esnatu naiz kabareta” eskainiko du. Antzerkia 19:00etan hasiko da plaza txikian, eta 50 minutu inguru iraungo ditu. Honen ostean, 22:00etan “Tio Teronen Semeak” taldeak FreshCool ikuskizuna eskainiko du, aurreskuaren soiltasuna eta ganberrokeria batzen dituen umorez betetako saioan. Hau 22:00etan izango da herriko plazan.
Abuztuaren 29an 16:00etatik 20:00etara bitartean ur tobogana eta apar festa ospatuko dute frontoiko aldapan, eta 22:00etan AMAK-en kontzertua egongo da plaza txikian.
Ezohiko festa hauei amaiera emateko, abuztuaren 30ean Potx Magoak ahozabalik utziko ditu ikusleak bere trikimailuekin. 18:00etan hasiko da eta plaza txikian izango da.
Ekintzetan parte hartzeko (ur tobogan eta apar festan izan ezik) izen-ematea beharrezkoa izango da. Abuztuaren 20tik 26ra bitartean zabalik egongo da izen-emateko epea udaletxeko web orriaren bidez edota “forms” bitartez. Ekintza guztiak dohainik izango dira eta betiere segurtasun neurriak bermatuko dira, musukoen nahitaezko erabilera eta distantzia kontuan izanik.