Gure Iragana kultura elkartea Ordizian dabil arkeologia lanetan
Uztailaren 27an hasi zituen Gure Iragana kultura elkarteak San Bartolome ermitako arkeologia lanak, eta dagoeneko hainbat aurkikuntza egin dituzte
Uztailaren 27an, 2018an utzi zuten puntutik berrartu zituzten San Bartolome ermitako arkeologia lanak Gure Iragana kultura elkartekoek, hain zuzen, 1268ko Villafranca hiribilduaren hastapenekin bat datorren aurreko eliza baten hormen aztarnetatik. Baselizaren barnealdean egindako ikerketari esker, 1100-1200 inguruan ehortzitako giza-aztarnak topatu zituzten. Ondorioz, eta garaiko hileta errituak ezagututa, hilobia beste eliza zaharrago baten inguruan egin zela suposatzen da.
Erdi Aroan zehar bata-bestearen ondoren eraiki ziren tenplu haien hurrenkera eta hauen ezaugarri arkitektonikoak eta erlijiosoak ezagutze aldera dabiltza lanean. Jasotako material arkeologikoen eta balizko ehorzketen bidez Erdi Aroko ordiziarren bizimodua berreraikitzeko aurrera pauso sendoa emango da.
Dagoeneko hainbat aurkikuntza egin dituzte, esaterako XI-XII. mendeko Erdi Aroko zeramika zati bat, Ordiziako herrian momentuz aurkitu den testigu material zaharrena izanik. Horrez gain, hainbat objektu bitxi ere atera zituzten: 1pta-ko txanpona (c. 1998), ustez Erdi Arokoak izan daitezkeen bi zeramika pusketa, hiltze handi bat, errematxe bat, giza hezurrak eta gurdi zahar baten gurpila.
Covid-19ak eragindako osasun egoerak behartuta, oraingoz behintzat ez dituzte bisitak hartuko ezta emango indusketa eremuan. Hala ere, informazio gehiago nahi duenari gogorarazi indusketa aurrera doan heinean aurkikuntzen berri ematen joango direla beraien Facebookeko orrialdean: Gure Iragana Villafranca-Ordizia.