Zeraingo etxebizitza berrien inaugurazioa egin dute gaur herritarrek
Antxaputzuko etxebizitzen herri mailako inaugurazioa eta Zerain sarrerako kartel berriaren aurkezpena egin dute gaur herritarrek
Antxaputzuko etxebizitza berriak inaugurazio egunean // A.Garmendia Gaur eguerdian inauguratu dituzte Zeraingo herritarrek Antxaputzuko etxebizitza berriak. 12:00etan elkartu dira Ostatuko plazan, eta lehenik eta behin herri sarreran jarri duten kartel berria inauguratu dute, senidetza duten Kataluniako Cistella herriari keinu bat eginez.
Jarraian herriko plazara joan dira eta bertan Amaia Junquera alkateak eta Arantxa Ruiz de Larrinaga zinegotziak Antxaputzuko jabetza publikoko etxebizitza berrien nondik norakoak kontatu dituzte. Hiru urte eta erdi igaro dituzte bi agintaldietan luzatu den proiektu hau amaitzeko. 2016ko abenduan hasi ziren egitasmo honi forma ematen; horretarako, zinegotzi talde bat Bizkaiko Atxondo herriraino gerturatu zen. Han antzeko proiektu bat egiten ari zirenez, Zeraingo proiektua hasi baino lehen informazio ugari jaso zuten.
2017an finantziazioa bilatzen aritu ziren, eta azkenean beharrezko diru laguntzak jaso eta gero, 2018an hasi ziren proiektua egiten arkitektoekin batera. Oreka Arkitektura taldeko Ekaitz eta Nagore arkitektoak hasieratik inplikatu zirela azaldu du Arantxak. Azkenik, eraikuntza-lanak 2019an hasi ziren eta urtebete eta lau hilabete behar izan dute amaitzeko.
Zinegotziak argi utzi du ez dela erraza izan proiektu hau aurrera ateratzea, “260 biztanleko herri txiki bat gara, eta ideia bat egiteko, Zerainen 8 etxebizitza publiko egitea izango litzateke Donostiak duen biztanleriarekin 5538 etxe egitea bezala”, eta azpimarratu du zortzi etxebizitza gutxi direla dirudien arren, asko dela beraientzat.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik 380 mila euroko diru-laguntza jaso dute, eta diru hori ez dute itzuli beharko. Bestetik, Fiare banku etikoak ia 200 mila euroko mailegua eman diete. Mailegu hori itzultzeko, hilero gazteek ordaintzen duten dirua erabiliko dute 15 urteko epe batean, eta hortik aurrera sarrera horiek herriarentzat izango dira.
2017an Zeraingo gazteei egindako inkesta batean, hauek esan zuten etxeak alokairuan nahi zituztela, eta ezin zutela 300€ baino gehiago ordaindu hilabetean. Hori dela eta, proiektu honetan sartu diren gazteek 100 eta 200 euro artean ordainduko dute alokairua hilero, horrekin gainera 300€-ko langa hori hobetzea lortuz.
“Iruditzen zaigu herri txikietan etxebizitza politika publiko bat aurrera eramatea posible dela” adierazi du zinegotziak, “guri esaten ziguten ez sartzeko horrelako proiektu korapilatsuetan, baina erakutsi dugu borondatea eta lanerako gogoa egonez gero, posible dela”.
Ekitaldia amaitutakoan, etxebizitzak ikustera joan dira talde txikietan, eta amaitzeko mokadutxoa egin dute plazan.













