«Barruan afaltzeko eskainiz gero ez dute nahi izaten»
Lazkaomendin dagoen Itxurrene jatetxeko nagusia da Juan Ramon Maiz. Ostalaritzaren mundua kili-kolo dagoen honetan bere egoera zein den azaldu digu.
Koronabirusa dela eta, zer moduz doa uda? Zerbait nabaritu al duzue?
Egia esan boladak daude. Guretzat lan karga handiagoa da neurriak zorrotzagoak direlako, baina esan bezala batzuetan lasaiago, besteetan lanpetuago… Nabaritu duguna izan da jende asko etortzen dela Goierritik, beste urte batzuetan baino gehiago. Ziurrenik aurten bertako jende asko herrian geratu delako izango da.
Orduan Goierri kanpoko jende gutxi izan duzue aurten?
Jaso dugu, baina askoz gutxiago. Herriko jende asko eta inguruko herrietakoak ere bai, baina kanpotik gutxi. Beste urteetan normalean alderantziz izaten da: hemengo jendeak alde egiten du eta kanpokoak etortzen dira hona, baina egoerak honi ere eragin diola nabarmena da.
Jende asko etortzen da beti bezala, ala nabaritu duzue gutxitu egin dela?
Antzeko. Guk terraza handia dugunez, eguraldiaren arabera egiten dugu lan. Baina antzeman dugu jendea barruan egoteko beldurrez dagoela. Askotan terrazaren %95a beteta izan dugu eta etortzen zen jendeak hala ere kanpoan geratu nahi izan du. Barruan afaltzeko eskainiz gero ez dute nahi izaten. Terraza izatea guretzat sekulako zortea da, jendeari lasaitasun handia ematen diolako.
Jendea mesfidati samar dabil orduan…
Bai, beldurra nabari da, barruan jende oso gutxik nahi du. Nik hala ere neurri guztiak ongi jarrita ditut eta informazioa ere badaukat, baina nabari da jendea ez dagoela guztiz lasai. Bezeroek ere ongi errespetatzen dituzte neurriak, noizbehinka ohitura faltagatik norbait sartzen da barrura musukorik gabe, baina jartzeko esan eta ez da arazorik egoten. Jendea oso kontzientziatuta dago alde horretarik. Baina hori, ez dute barruan nahi izaten hala ere. Nik ere normala ikusten dut, azkenean hainbeste denbora etxezuloan igaro ostean jendeak nahi duen bakarra haize pixka bat da.
Negozio askok ez dituzte oporrak hartuko aurten alde ekonomikoa dela eta. Zer egingo duzue zuek?
Guretzat garai emankorrena uda da. Lazkaomendin gaude eta asteburutan egiten dugu lan gauetan, eguerdian ez. Ahal dena egiten ari gara, ez baitakigu zer gertatuko den.
Zein da zure iritzia ostalaritzan hartzen ari diren neurrien aurrean?
Guri ez digu asko eragiten ordutegiak. Normalean gurean jendea afaltzera etortzen da eta tragoa hartzera herrira jaisten da. Agian egunen batean gau giro oso ona egonez gero lagun talderen bat geratzen da ordubete gehiago, baina beranduenez 00:30etarako ez da inor egoten. Gu alde horretatik ongi, baina pentsatzen dut gainontzeko tabernentzat arazo handia izango dela.