«Askotan kanpora joaten gara eta ez dugu etxe ondoan duguna ezagutzen»
GR-283 izenez ezaguna den Idiazabal Gaztaren ibilbideko koordinatzailea da Leire Arandia. Aurtengoa gora-beheraz betetako uda izaten ari den arren, turista ugari inguratu dira gure eskualdeko txokoak eta kultura ezagutzeko asmoz.
GR-238 ibilbidea eskaintzen duzue. Zertan datza ibilbide hau?
Bere garaian Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta seinaleztatu zuen ibilbidea da. Guztira 100km dira, eta Gipuzkoako 3 eskualde zeharkatzen ditu. 6 etapatan banatuta dago eta bere ezaugarri nagusia da zeharkatzen dituen eskualde eta parke naturalak Idiazabalgo Gaztarekin lotuta daudela. Ibilbidea egiten duenak Idiazabalgo Gaztarekin lotura duten hainbat puntu ezagutu ditzake, herriak esaterako: Ordizia, Idiazabal… Eta gero noski parke naturaletan ikus daitezkeen artaldeak, txabolak eta artzainak berak.
Egun bat baino gehiago irauten du? Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Bai, 6 etapa dira eta egun bakoitzean etapa bat egiten da. Guk azkenean eskaintzen duguna zerbitzu turistiko hori da, produktu turistikoa. Etapa bakoitzaren amaieran ostatu ezberdinak daude aukeran, eta libre egonez gero aurrekontu bat bidaltzen diegu. Bertan sar daitezken zerbitzuak dira: ostatua, motxilen garraioa leku batetik bestera, istripu seguru bat, edota nahi izanez gero bisita gidatu bat. Ibilbidea hasten denean “kit” moduko bat ematen diegu eta hemen sartzen dira: kamiseta bat, mapa bat ibilbide teknikoarekin, pasaporte bat ibilbideko leku ezberdinetan zigilatzen dutena eta bertako informazio turistikoa. Amaitzen denean Idiazabalgo Gazta erdia eta sagardo botila bat jasotzen dute opari. Azkenean jendeari gustatzen zaiona hori da, naturaz gozatzea, hemengo kultura ezagutzea eta jasotzen duten guzti hori.
Aurtengo udan jende askok mendia aukeratu du helmuga turistiko gisa, zuek ere nabaritu al duzue?
Guk zentzu horretan ibilbideari dagokionez ez ditugu datu hobeak izan aurten. Guzti honekin datuak jaitsiko zirenaren beldurra genuen, baina egia esan abuztua ongi doaz oraingoz. Adibidez Idiazabalgo Gaztaren museoa ere guk kudeatzen dugu, eta datu aldetik lehengo urtearekin alderatuta nahiko antzeko gabiltza. Nabaritu duguna izan da barne turismoa areagotu dela. Kanpokoa jendea badabil, baina batez ere bertakoak dabiltza hemen inguruan eta horrek asko pozten gaitu. Guretzat oso positiboa izan da, izan ere askotan kanpora joaten gara eta ez dugu etxe ondoan duguna ezagutzen.
Kanpoko jende gutxi jaso duzue aurten orduan…
Beno, badabil. Abuztuan Estatuko jende dezente etorri da egia esan: Kataluniatik, Madrildik, Alicantetik… Atzerritarrak ere etortzen dira, aurten gutxiago, baina etorri izan dira Estatu Batuetatik, Alemaniatik, herrialde eskandinaviarretatik… Nabari da badagoela turismo kulturala gustatzen zaion jendea, aldi berean ibiltzeko eta naturaz gozatzeko aukera ematen diena.
Nola eragin dizue koronabirusak?
Azken momentuko ezeztapenak eta azken momentuko erreserbak ditugu etengabe. Azkenean aurten horrela doa dena, eta ia ia egun batetik bestera aldatzen zaizkigu erreserbak. Ostatuen aldetik jarrera oso ona izan dugu eta asko lagundu digute, azkenean guztiak antzeko egoeran gaudelako, baina bai zentzu horretan urte kaotikoa izaten ari da. Orain ere alarma egoera dela eta jende asko dabil deika. Guretzat agian egoera ez da hainbeste aldatuko, baina albistea kanpotik entzuten duenak ez daki nola gauden hemen eta larritu egiten dira. Hala ere nahiko pozik gaude, uztaila okerragoa izan zen zentzu horretan datu aldetik. Jendeari gehiago kostatu zitzaion, eta gainera hilabete horretan izan genuen Ordiziako agerraldia eta horrek ere eragin zuen. Baina beno, momentu honetan nahiko “normal” gaudela esan daiteke.