Ordiziako baratza parkea handitu berri dute eta uzta jasotzen ari dira dagoeneko
Aurrez zeuden baratzeei beste 24 lursail gehitu zaizkie, eta gaur, 59 daude guztira.
Kutxa Ekoguneak 2013. urtean jarri zuen abian Baratza Parke Sarea autokontsumorako baratzegintza ekologikoa eta elikadura-ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz, Gipuzkoako zenbait udalerritan. Gaur, 21 parkek osatzen dute Gipuzkoako Baratze Parke Sarea, eta horietako bat Ordizian kokatzen da, San Juan auzoan. 2018an batu zen Ordizia proiektura. Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak azaldu du, “35 lursailekin” ekin zitzaiola Ordizian, eta “orain, beste 24 egokitu” dituztela, “herritarren eskaerari erantzunez”. Guztira 59 baratza daude, gaur gaurkoz. Lursail berriak, uztailean esleitu zituzten, eta harrezkero, lanean ari dira herritarrak. Gaur, baratza parkera Alvarezek egin duen bisitan nabarmendu du, eskertzekoa dela “herritarrek baratzeen aldeko apustua egin izana”, eta pozik agertu da, parkea handitu eta baratzak esleitu zirela bi hilabete eskas igarota, “baratze berriek duten itxuragatik”. Antzematen da gogotsu lanean aritu direla, eta dagoeneko egindako lanaren uzta jasotzen ari dira.
Horrez gain, Alvarezek gogoratu du, “ordiziar guztientzako berdegune irekia” dela baratze parkea, eta “ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzeaz gain, elikadura osasuntsurako aukerak areagotu eta elkarbizitzarako eta elkarlanerako aukera paregabea” dela proiektua.
Alvarezekin batera, Itsaso Olaizola (Ekogunea) izan da bertan. Ekoguneko ordezkariak nabarmendu du “azken hilabeteotan, COVID-19ak sortu duen egoera honetan, naturarekin eta lurrarekin harremana izatearen garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa somatzen” dutela, eta “munduan zein gurean, hiri eta herri baratzeen mugimendua indartzen” ari dela. BPS Sareko diren Baratze Parkeetan “erabiltzaile bakoitzak lursaila autokontsumorako eta era ekologikoan lantzeko aukera izateaz gain, parkea erabiltzaileen artean modu komunitarioan eta auzolanean kudeatzen” dela ere azaldu du.
Gainera, erabiltzaileen arteko elkarlanaz gain, Kutxa Ekogunetik hainbat zerbitzu jasotzeko aukera dute baratzak dituztenek, oinarrizko formakuntza edo Furgobaratza, besteak beste. Gaur adibidez, erabiltzaile berrientzat formakuntza saioa egin dute, baratzezaintza ekologikoaren oinarriak ardatz hartuta, Aitziber Otegik gidatuta. Datorren irailaren 12an, beste saio bat egingo dute, gazteleraz. 09:30etik 13:30era izango da. Izen ematea, www.ekogunea.eus webgunean egin daiteke. Baratze Parke Sareak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere eskura dituzte jada Ordiziako Baratze Parkean, besteak beste: baratzeen lurren kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen txostenak, konposta eta egituratzailea eskuratzeko aukerak, tailer praktikoak eta dinamizazio ekintzak. Orain abian den Baratze Parke Sareko Udako Baratze Ederrenak lehiaketan ere parte hartzeko aukera izango dute baratzekideek.
Webgunean, proiektuak biltzen duenaren informazio osatua aurki daiteke.