Zumarragako Legazpi kaleko 14an pelikula bat filmatzen ari dira
'Erase una vez... Euskadi' pelikularen filmaketa lanek ikusmina piztu dute. Manu Gomezen lehen film luzea da. Protagonistak lau haur dira
Zumarragako Legazpiko kaleko 14ko etxebizitza batean Erase una vez… Euskadi pelikulako eszena batzuk filmatzen ari dira. Filmaketak ikusmin handia piztu du bizilagunen artean.
Erase una vez… Euskadi Manu Gomez zuzendariaren lehen pelikula da. Beatriz Bodegas ekoizlearen babesa jaso du. Filmatze lanak abuztuaren 31n hasi zituzten eta zazpi aste luzatuko dira.
Istorioa 1985ean gertatzen da eta protagonistak 12 urteko lau haur dira: Marcos, Jose Antonio, Paquito eta Toni. Ikasturtea amaitu da eta oporrez gozatzeko irrikatan daude.
Pelikulan 1985eko Euskal Herria nolakoa zen erakutsiko da. «Nire haurtzarora eta hazten ikusi ninduten kaleetara itzuli naiz. Istorioaren helburua lau haurren begietatik 1980ko hamarkadako Euskadi nolakoa zen erakustea da. Euskadi hartan bizi, gozatu eta negar egin genuen eta gugan arrastoa utzi zuen», aipatu du Gomezek.
Aktoreak
Aktoreei dagokienez, lau haurren rolak Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garciak beteko dituzte. Beraiekin batera, aktore ezagunak lan egiten ari dira. Josean Bengoetxeak, Yon Gonzalezek, Ruth Diazek eta Marian Alvarezek, besteak beste.













