Eskola saioak, baita kalean ere
Ormaiztegin ikastetxe pareko frontoia erabiliko dute euria ari badu atsedenaldietan. Gabirian jangela zerbitzua Ostatun emango dute berriro asteazkenetik aurrera
2020/2021 ikasturtearen bigarren asteari ekin diote Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek. Gabiriako Balentzategi eta Ormaiztegiko San Andres Herri Eskoletan ere ilarak egiten dituzte haurrek taldetan banatuta ikastetxera sartzeko. Herriko kale eta eraikin publikoak erabiliko dituzte noizbehinka bi herrietan taldeak nahastu ez daitezen.
San Andres Herri Eskolan Urbeltz frontoia erabiliko dute atsedenaldietan euria ari badu, gelan ez egoteko: «Udalak baimena eman digu eta egun horietan lehentasuna izango dugu tokia erabiltzeko», azaldu du Izaskun Igoa zuzendariak. Eguraldia lagun denean ez dute arazorik izango ikastetxean gelditzeko: «Ziklo bat saskibaloi kantxan egongo da, beste bat futbol zelaian eta frontoian beste bat». Herri txikia izanda, herriko kaleak erabiltzea pentsatu dute ikasgai batzuetarako: «Tutore batzuk kanpoan egiteko hainbat ekintza ari dira prestatzen».
Gabiriako Balentzategi Herri Eskolan ikasturte hasiera kanpoan eman zuten asteartean, eta irakasle bakoitzaren arabera emango dituzte saioak kanpoan ala barruan: «Orain gelakoa egon gara antolatzen, baina ideia kanpoan ematea da», azaldu du Mare Goikoetxea Balentzategi eskolako ikasketa buruak.
Jangela lekuz aldatuta
Taldeak ez nahastea eskatu die Hezkuntza Sailak ikastetxeei. Beraz, goizetan taldetan sartzen dira sarrera desberdinetatik ikasleak. Maskara jantzita, eskuak garbitzen dituzte eta tenperatura neurtzen zaie. Ormaiztegiko eta Gabiriako eskoletan ez dute arazorik izan jende kopuru eta espazio aldetik oraingoz talde txikiak dituztelako. Gabirian hiru talde dituzte guztira, eta Ormaiztegin 11-15 bitartekoak dira talde gehienak: «Hemezortzi ikasleko bat ere badugu, eta saio batzuetarako banatu egingo dugu talde hori», esan du Igoak.
Jangela zerbitzua eskaintzen dute bi ikastetxeek. Gabiriako ikasleek Ostatuan bazkaldu ohi dute, baina egunotan udaletxe azpian izan da otordua: «Ostatuan hasiko gara berriro asteazkenetik aurrera», esan du ikasketa buruak. Ormaiztegiko zuzendariak, bestalde, azaldu du «normal» ari direla jangela zerbitzua eskaintzen. Datorren hilabetean, arratsaldez hasten direnean, antolaketa berria egingo dute: «Urritik aurrera bi txandatan banatuko ditugu bazkariak pilaketak saihesteko», azaldu du.
Lehen Hezkuntzako ikasleek maskara eraman behar dute eskolara; Haur Hezkuntzakoentzat, aldiz, ez da derrigorrezkoa. Hezkuntza Sailak irakasle eta langileentzako bidali ditu maskarak, baina umeek etxetik eraman behar dute: «Kantitate aldetik badauzkagu, baina oso handiak dira haurrentzako», azaldu du Goikoetxeak. Astetik astera ikasketa materiala berrituko dute Gabirian, eta Haur Hezkuntzako ikasleek erabilitakoak irakasleek desinfektatuko dituzte.
Isolamendu gela
Oraingoz ez dute positibo kasuei lotutako protokoloa jarraitu behar izan. Gabirian isolamendu gela bat prestatu dute eskolan koronabirus kasu positiboren bat atzematen badute bertan isolatzeko. Tenperatura neurtzean baten batek sukarra badu, isolamendu gelara eramango dute: «Senideei deituko zaie bila etortzeko, eta ikasleak deitu behar du osasun zentrora», azaldu du ikasketa buruak. Osasun Sailaren batzordeak esango die orduan zein diren jarraibideak: «Ikasleari PCR proba egin eta positibo ematen badu taldekoei eta eskolako konktaktuei ere egingo zaie». Osasun Sailak esandakoa egingo dute: «Espero dugu ez ematea, eta gertatzen bada, gela hori konfinatzen saiatuko gara, ez eskola osoa». Goikoetxeak azaldutakoaren arabera, positiboren bat egotearekin batera, birusa azkar hedatzea da kezka nagusia: «Eskola oso txikia izanda, positibo kasuren bat egoten bada eskola osora erraz zabaldu daiteke, kontaktuak oso estuak direlako».
Ormaiztegiko San Andres eskolan ere Osasun Sailak esandakoa egingo dute kasurik baldin badago: « Haiek esaten badigute gela konfinatzeko, ba gela konfinatuko dugu, esaten badigute ez dela beharrezkoa ba hori egingo dugu», azaldu du Igoak.
Horrelakorik gertatuko balitz, telematikoki emango lituzkete eskolak. Martxoan ere egin zituzten saioak telematikoki, baina orain esperientzia gehiago dute: «Martxoan guraso eta ikasle askok ez zekiten nola erabili drive eta antzerakoak, orduan denok joan gara ikasten, gertatuko balitz prest egon behar dugulako», azaldu du Gabiriako eskolako ikasketa buruak.
Ondo bidean eta ikasgelako antolaketa eginda, herriko kaleak ere erabiltzen saiatuko dira Gabirian eta Ormaiztegin.