Apotako 8a izan da ehiza postuen enkantean arrakastatsuena
Igandean, hilak 13, egin zuten aurtengo enkantea ehiztariek
Abuztuaren 8ko eta 9ko asteburuan Apotako lerroan zortzi ehiza postu puskatu zituzten. Batzuk guztiz bota zituzten, beste batzuk erdi erorita utzi zituzten. Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoak horietako zazpi konpondu ditu ehiza denboraldia hasi aurretik. Apota 9, aldiz, konpondu gabe geratu zen eta ehiztariek auzolanean berreraiki dute joan den asteburuan. Horrela linea osoa jarri dute martxan berriro ere.
Denboraldia hastear dagoenez, postuen zozketa eta enkantea ere egin dituzte dagoeneko. Zozketa Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoko herrietako ehiztarien artean egin zuten duela ia bi aste, irailaren 4an. Bertako ehiztariek, ehiza elkarteen bitartez, zozkatutako postuen prezioaren %20 aldundiaren hobekuntza funtsera bideratzen dute. Hain zuzen ere, hobekuntza funts horretatik jaso zuen Patzuergoak erasotu zituzten postuak konpontzeko dirua.
Enkantea, berriz, irailaren 13an egin zuten, igandean. Guztira, 97 postu daude Patzuergoan. Erdiak zozkatu egiten dira eta beste erdiak enkantean ateratzen dituzte. Gehien ordaintzen duenak lortzen du postua. Aurtengo enkantean, ordea, hamar postu libre geratu dira inork ez duelako eskaintzarik egin eta, ondorioz, zozkatu egin dituzte Patzuergoa osatzen duten herrietako ehiztarien artean. Segurak, Zerainek, Idiazabalek eta Zegamak osatzen dute Patzuergoa Gipuzkoan, eta San Millanek eta Asparrenak Araban.
Apota arrakastatsuena
Ez du zenbaki zehatzik eman Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoak enkantearen harira. Halere, esan du hain justu Apotako lerroan dagoela arrakasta gehien izan duen postua; Apota 8 postuarengatik ordaindu dute diru kopururik altuena.