Gaur jarriko da abian Goñiren omenezko pilota txapelketa
18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan abiatuko da koronabirusa dela eta etendako txapelketa
Koronabirusa dela eta, ekitaldi asko eten egin ziren. Horietako bat Goñiren omenezko pilota txapelketa da. Txapelketa gaur abiatuko da berriro, 18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Alarma egoera ezarri aurretik, final laurdenetako bi partida jokatu ziren, bai binakako txapelketan eta bai lau t’erdikoan. Binakakoan, Mata eta Gaskuek eta Azketa eta Elizegik finalerdietarako txartela lortu zuten. Bi bikote hauek lehen finalerdia jokatuko dute, hilaren 30ean.
Bigarren finalerdia gaurko eta datorren asteazkeneko partidak irabazten dituzten bikoteek jokatuko dituzte, urriaren 7an. Gaur, Eneko Labakak eta Elizegik, Muruaren eta Arbizuren aurka jokatuko dute. Datorren asteazkenean, hilaren 23an, Expositok eta Iruritak, Elolaren eta Aldaberen aurka jokatuko dute.
Lau t’erdiko txapelketari dagokionez, hilaren 30eko finalerdia Ruiz de Larramendik eta Unai Alberdik jokatuko dute.
Binakako txapelketan bezala, bigarren finalerdia urriaren 7an jokatuko da eta bigarren finalerdi hori gaurko eta datorren asteazkeneko partidak irabazten dituztenek jokatuko dute.
Gaur, Senarrek Oskozen aurka jokatuko du. Hilaren 23an, berriz, Gutierrezek Aitor Altunarekin neurtuko ditu indarrak. Final laurdenetako eta finalerdietako partida guztiak 18:30ean hasiko dira. Finalak urriaren 16ko iluntzean jokatuko dira. Partidetako sarrerak 3 euro balio du eta ikusleek saski baten zozketan parte hartuko dute.
Txapelketako partiden aurretik Beloki pilota eskolako haurrek jokatu ohi dute. Gaur ezin dute jokatu. Hori dela eta, Lazkaoko pilota eskolako kadete mailako lau pilotarik jokatuko dute. Ituarte eta Gartzia, Zubizarreta eta Telleriaren aurka arituko dira.
Bestalde, bihar, 18:00etan, pilota txapelketa herrikoiko partida bat jokatuko da. Oliveirak eta Cruzek, Gabilondorekin eta Gartziarekin neurtuko dituzte indarrak.