«Herriarentzat den lasterketa herritik ateratzea ez du merezi»
Zaldibiako iraileko hirugarren asteburua kirolari eskaini ohi zaio. Txirrindulari probaren antolatzaile Xabier Murielek (Zaldibia, 1981) dio zentzurik ez duela herritik ateratzeak.
Igande honetan lehiatuko zatekeen Zaldibiako Sari Nagusia txirrindulari proba. Baina ez duzue antolatu.
Ez da egingo. Azken batean, herrian ere udal aldetik zalantzak zeuden, noski, jendea inguratzearekin. Eta, bestetik, eskatzen dituzten baldintzetan jokatzeari ez genion zentzu askorik ikusten, helmuga eta irteera herritik kanpora atera behar zirelako. Azkenean, herriarentzat egiten den lasterketa bat herritik kanpora egiteak ez dauka zentzurik.
Afizionatuen lasterketa gutxi batzuk antolatu dituzte. Baina ez da une egokiena, ala?
Herriko kirolariak sustatzeko proba modura egiten da ahalegina, horrelako lasterketak antolatuta. Bestetik, ekonomikoki, gure sustengua, Goierriko enpresez gain, herriko taberna eta eta denda txikiak dira, eta ez zaigu iruditzen aurten zenik urtea dirua eskatuz joateko. Arrisku handia zen, gainera. Egia da egin direla karrera batzuk, baina oso-oso gutxi, eta, lehen esan bezala, gure iritziz Zaldibiako herrigunetik kanpora ateratzeak ez du merezi.
Zer nolako ahalegina eskatzen du amateur mailako txirrindulari lasterketa bat antolatzeak, ekonomikoki eta giza baliabide aldetik?
Antolakuntzako taldean zortzi lagun gaude. Baina karrera egunean denera ehun-bat pertsona mugitzen gara, herrikoak eta motozaleak batuta. Herriko boluntarioak 50-60 bat izaten dira, eta motozaleekin ehunera arte iristen gara. Hori dena antolatzea esfortzu handia da. Deskafeinatua iruditzen zaigu esfortzu hori egiteko eskatzea herritarrei, gero herrian ez gozatzeko. Bestetik, laguntzaile denei kontrolak egin beharra dago, eta antolatzeko are zailago bihurtu dira txirrindulari lasterketak. Protokolo ezberdinak eta zorrotzak daude. Zailagoa da Zaldibia bezalako herri txiki batentzat; asko kostatzen bada berez, orain gehiago.
Zaldibiako txirrindulari proba egutegian ez da zahar-zaharra. Zenbat antolatu dituzue hasieratik iaz arte?
Bederatzi egin ditugu orain arte, eta hamargarrenera iritsi nahi genuen aurten. Pena da, ezingo baita orain. Lasterketa sendotu nahi genuen gainera, 10. edizio bezala. Ibilbidea gogortu nahi genuen, baina datorren urteari itxaron beharko diogu.
Zer asmo zeneukaten?
Bukaeran luzatu nahi genuen ibilbidea, eta Zaldibitik Gaintzara igo nahi genuen, aldapa gogorretik. Kanpoko talderen bat ere gonbidatu nahi genuen; hau da, beste pauso bat eman antolaketa mailan.
Caja Rural taldean zaude orain, pertsonalki, Murias-Euskadin bost denboraldi egin ondoren. Zer balorazio egiten duzu?
Lehenengo urtea dut Caja Ruralen. Kirol arloko arduradun nagusi bezala nago. Urte hau tokatu zait. Baina, egoera honen barruan ere, gauzak ondo egiten ari gara, ahal den neurrian. Espainiako Vueltaren zain gaude orain, ea jokatzen den. Gustura nago egiten ari garen lanarekin. Noski, beti hobetu liteke, baina taldetik transmititu didatena ere positiboa da; gustura daude, eta horrela pozik.
Profesionalismoan zabiltzan arren, afizionatuen katebegia da asko ahultzen ari dena: karrerak gutxitzen, maila beheratzen… Kezkatzen zaitu?
Jubenilen eta kadeteen karrerak mantendu dira, horiek antolatzeko azpiegitura askoz txikiagoa behar delako, jende gutxiago mugitzen delako, eta ekonomiko merkeagoak direlako. Baina afizionatuen probak erdi bidekoak dira; ez dira profesionalak, baina ezta txikiak ere. Horiek geratu dira ia karrerarik gabe. Aurrekoan Seguran egin zen, datorren asteburuan Oñatin jokatuko da, baina besterik ez dago. Nafarroan bai, han gehiago egin dira, baldintza leunagoak eskatu dituztelako, eta herri barruan antolatzen utzi dutelako. Profesionaletara igotzeko afizionatuak ikusteko ere aukera gutxiago dago orain, eta urte zaila izaten ari da. Profesionalak salbatzen ari gara urtea, azkenean egutegia berrantolatu ahal izan baita eta garatzen ari da. Baina afizionatuetan zaila dago.
Zaldibiako Sari Nagusia ezezik, bezperan jokatu ohi zen korrikako herri krosik ere ez da izango. Kirol astebururik gabe.
Polita izaten da asteburu hori; larunbatean herri krosa eta igandean txirrindulari lasterketa. Festak baino aste pare bat lehenago da, eta giroa sortzen dute bi kirol ekitaldiek. Baina aurten ez dira antolatuko, ez kirol asteburuko probak, ezta festak eurak ere. Egoera hobea iristeko zain geratu beharko dugu.