Whatsappa, udalarekin harremanetan jartzeko bide berria
Herritarren intereseko informazioa modu azkarrean helarazteko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoz jarri du martxan komunikatzeko bide berri hau Urretxuko Udalak
Urretxuarrek udalarekin harremanetan jartzeko bide berri bat dute: mezuak bidaltzeko balio duen Whatsapp aplikazioa. Udalak webgune, posta elektroniko, telefono, Facebook, Instagram eta Twitter bidez harremanetan jartzeko aukera ere ematen die.
Urretxuko Udalak bi helbururekin erabaki du Whatsapp bidezko komunikazioa martxan jartzea: herritarren intereseko informazioa modu azkarrean helarazteko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko.
Zerbitzua doanekoa izango da eta urretxuarrek beraien zalantzak, proposamenak, eskaerak eta kexak aurkezteko aukera edukiko dute. Udalarekin harremana Whatsapp bidez eduki ahal izateko, bi gauza egin behar dira: 620 545 962 zenbakia telefonoaren agendan gorde eta ondoren izen-abizenak, NAN zenbakia eta Alta hitza aipatutako zenbakira bidali Whatsapp bidez. Erabiltzaileak ongi etorri mezu bat jasoko du eta ordutik aurrera udalaren informazioa jasoko du eta bere kexak eta proposamenak aurkeztu ahal izango ditu.
Sare sozialak
Herritarrek modu asko dituzte udalarekin harremanetan jartzeko. Udaletxera joateaz gain, webgunea, posta elektronikoa, telefonoa, Facebook, Instagram eta Twitter erabili ditzakete. Udalak 2.095 jarraitzaile ditu Facebooken eta 1.385 Instagramen. Herritarrek 147 mezu helarazten dituzte Facebook bidez hilero (batezbesteko) eta Instagramen 337 iruzkin lortu ditu.