EHUk uda ikastaroa eskainiko du gaur Zeraingo elizan
'Auzolantzen' izeneko proiektuaren emaitzak eztabaidatu eta aztertuko dituzte
Euskal Herriko Unibertsitateak ikastaroa egingo du gaur Zeraingo elizan, uda ikastaroen barruan. ‘Auzolantzen’ izeneko proiektuaren emaitzak eztabaidatu eta aztertuko dituzte. Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondutako proiektua da, Zerainlab elkarteak sustatuta. Euskal Herriko landa eremuko herri txikien etorkizuneko garapenaren inguruan hausnartuko dute, auzolanean oinarrituta, 9:00etatik 14:00etara.
‘Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera’ izeneko jardunaldia dohainik izango da. Deustuko Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta Gizarte zientzietan doktorea den Ion Muñoa Errastik zuzenduko du ikastaroa, eta hiru irakaslek ere hartuko dute hitza. Bertan izango dira Patxi Juaristi Larrinaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campus-eko errektoreordea eta Soziologian doktorea, euskaltzain urgazlea eta euskaldunon balio-sisteman aditua; Andoni Eizagirre Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta Filosofian doktorea; eta Isabel Elizalde Arretxea Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Orekako lan-taldeko kidea, Nafarroako Gobernuko landa garapeneko kontseilari ohia eta tokiko garapenean aditua.
Solasaldi irekia
9:00etatik 9:15etara erregistroa eta dokumentazio banaketa egingo dute. Aurkezpenaren ostean, 9:30etik 10:30era ‘Kultura tradizionala, auzolana eta euskal herrietako garapen historikoa’ eskainiko du Patxi Juaristik, eta 10:30etik 11:30era ‘Auzolantzen’ ikerketaz ariko da Andoni Eizagirre. Orduerdiko atsedenaldia egingo dute gero, eta 12:00etan ‘XXI. mendeko landa eremuko herri txikien kontakizuna eraikitzeko gogoetak’ mintzaldia eskainiko du Isabel Elizaldek. 13:00etan solasaldi irekia egongo da, eta ikastaroari amaiera emateko, 13:45 aldera, jardunaldiaren ondorioak aztertuko dituzte.