Inoiz baino gehiago saldu dute baserritarrek Zeraingo Azoka Ekologikoan
25 artisau eta baserritar egon dira Zeraingo 26. Azoka Ekologikoan
Gaur goizean egin dute Zerainen urtero antolatzen den udako azoka ekologikoa, 26. edizioa izan da aurtengoa. “Zalantza asko izan ditugu azken momentura arte; egin ala ez, nola egin… Azkenean baloratu genuen ekoizleei aukera bat eman behar zitzaiela” azaldu du Zeraingo alkatea eta Zerain Dezagun Fundazioko lehendakaria den Amaia Junquerak.
“Gure kezka nagusia zen, behin azoka egingo genuela erabaki eta gero, ea nola egingo genuen osasun neurriak errespetatzeko” gehitu du Nikola Foroni zeraindarrak, aurten azokan antolatzaile gisa ibili denak, “Sarrera eta irteera, azokan zehar ibiltzeko zirkuitu bat eta hidrogela jarri ditugu eskura. Horrez gain, aforoa kontrolatuta egon da, egun osoan ez dira 150 pertsona baino gehiago egon frontoi barruan eta distantziak ere mantendu dira”.
Hainbat baserritarrei salmenten inguruan galdetzean, guztiek gauza bera erantzun dute: “aurreko urteekin alderatuta, inoiz baino produktu gehiago erosi dizkidate”. Izan ere, intxaurrak saltzen ibili den Joxek azaldu duenez, jendea oso kontzientziatuta ikusi dute ekoizleen egoerarekin “ez dira soilik buelta bat ematera etorri, erostera baizik”.
Orokorrean emaitza oso positiboa izan da, eta guztiak sentsazio onarekin joan dira etxera. “Baserritarrok zuzeneko salmenta sustatzen dugu, eta produktu freskoak besterik ez ditugu eskaintzen” azaldu du marmelada postua jarri duen Xabierrek “Ez dugu merkatu handietan saldu nahi, eta oso eskertuta gaude azkenean azoka egitea lortu delako”.