65 urtetik gorakoentzat egitarau betea antolatu dute Legorretan
Legorretako Udalak egitarau oparoa eskaini du 65 urtetik gorakoen osasun fisikoa, kognitiboa eta soziala zaintzeko eta ongizatea indartzeko asmoz
Legorretako Udalak osasun fisikoa, kognitiboa eta soziala zaintzeko eta ongizatea indartzeko asmoz egitarau oparoa eskaini du. Batetik, astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara, begirale bat jarri du, memoria landu, gizarte gaiak aztertu, erlaxazio teknikak ikasi eta harreman sozialak indartzeko. Tailer hori menpekotasunaren prebentziorako baliagarria da. Urriaren 5ean hasiko dira saioak, segurtasun neurri guztiekin.
Bestetik, aurreko urteetan soinketa saioek izan duten arrakasta ikusita, astelehenetan bi saio eskainiko dira, 10 pertsonako talde egonkorrak errespetatuz eta plazako frontoian. Saio bat 10:00etatik 11:00etara eta bigarrena 11:05etik 12:05ra izango da.
Bestalde, Pikuak Kalera egitasmoa martxan jarriko du Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuak, urriaren 8tik aurrera. Ostegunero, 10:30ean elkartuko dira udaletxe azpian, ibilaldia egiteko 3 talde egonkorretan, distantziak errespetatuz eta maskara jantzita. Laguntza behar duenak, familiako edo etxeko laguntzailearekin egin dezake ibilbidea, aurten ezin baita boluntario bidezko kontaktu-laguntza zuzenik eskaini.
Bazkari zerbitzua
Azkenik, bazkari zerbitzua emateko aukera aztertzen ari da udala, mendekotasun balorazioa egina duenarentzat eta 0-1 maila artean dagoenarentzat. Interesa izatekotan, gizarte zerbitzuetan jakinarazi behar da.