Beasainen hasi eta amaituko da Imazen oroimenezko 20. lasterketa
Haurren lasterketarik ez da egingo, soilik helduen 10 kilometroko proba. Dortsal guztiak banatu dituzte, 300. Mailakatuta irtengo dira eta ez da sari banaketarik izango
Josetxo Imazen 20. memoriala jokatuko da igandean. Egoerak behartuta, arautegia egokitu beharra izan dute eta proba bakarra izango du, helduena. Hamar kilometro egin beharko dituzte: Nafarroa etorbidean hasiko dira eta tren geltokiaren parean 180 graduko bihurgunea hartu ostean, Senperetik aurrera, Lazkaoraino joango dira. Herrigunea inguratu eta bide beretik itzuliko dira, CAFeko biribilguneraino. Bertan, korrikalariek eskuinetara hartuko dute, eta Lazkaibar kaletik Ordiziara helduko dira. Oria ibaiaren ondotik Gudarien etorbideraino joango dira, Nikolas Lekuona plazaraino igo, alde zaharra gurutzatu eta Ezkiaga auzotik itzuliko dira Beasainera. Loinazko San Martinen estatuaren aurrean egongo da helmuga.
Beasainen hasiko eta amaituko den lehen edizioa da. Ordizian izaten zuen irteera eta helmuga lehen urteetan, Lazkaon ere izan da azkenaldian, eta orain Beasainen. Izan ere, Imaz ordiziarra izan arren eta Txindoki Atletismo Taldearen egoitza Ordizian dagoen, klubak eskualdeko izaera du. Are gehiago, Imazen oroimenezko proba izango da asfalto gaineko lasterketa amateurren artean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egiten den lehen proba. Azkena ere Beasainen jokatu zen, Beasaingo Herri Lasterketa, martxoaren 8an.
Izen ematea, itxita
Korrikalariak lehiarako gogotsu daude, dortsal guztiak agortuta daudelako. 300 korrikalari elkartuko dira hasierako marran. Ez dira denak batera irtengo, ordea. 50 laguneko taldeetan irtengo dira bi minutuko tartearekin. Lehen multzoa 10:30ean irtengo da. Azkenak, hamar minutu geroago.
Proba hasi baino lehen korrikalari guztiei tenperatura hartuko diete, eta sukarra duenak ezingo du parte hartu. Dortsalak larunbatean hasiko dira banatzen, 17:00etatik aurrera. Igandeko 10:30ean amaituko da epea. Hartu ez duena, kaleratua.
Helmugan ere pilaketarik ez dadin izan, ez da sari banaketarik egongo. Datorren astean zehar banatuko dira sariak. Dutxak eta aldagelak ere ez dira eskuragarri egongo, eta proba amaitu bezain laster jantzi beharko da maskara. Ikusleek, une oro eraman beharko dute eta segurtasun distantziak mantendu beharko dituzte. Zentzuz jokatzeko eta antolakuntzakoen esana betetzeko eskatu dute.