EH Bilduk Beasainen alde egitea "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela dio
Koalizio abertzaleak Aldasorori galdetu dio ea bere lehentasunak zeintzuk diren eta non dauden
Beasaingo EH Bilduk ez du begi onez ikusi Aitor Aldasorok alkate eta legebiltzarkide lanak uztartzea. “Begi bistakoa da, Legebiltzarkide lanak egiten hasiko den honetan, Beasaingo Udalari ezingo diola erabateko arduraldia eskaini. Beasaindik Erabateko Arduraldiaren gehigarria kobratuz eta Udalari eskaini beharreko lan orduak beste norabait bideratuz”. Koalizio abertzaleak leporatu dio erabateko arduraldian egonda 71.200 euroko soldata duela eta erabateko dedikazioa eskaini behar diola Beasaini. “Gure ustez, Beasaingo Udalaren interesentzat herrian bertan aritzea bezalakorik ez dago”
Leire Artola alkateordeak ere batzarkide lanak uztartuko ditu. “Beasaingo udaleko bi arduradun politiko nagusiak, Beasaingo Udalekoak ez diren zereginetan jarduten dauden honetan, lehentasunak zeintzuk diren zalantza gelditzen zaigu. Zein diren, eta non dauden”, galdetu dute. “Krisi orokor honek ekarriko dituen ondorioak ez dira xamurrak izango. Udalen betebehar nagusia, euren herritarrekikoa izanik, ez da zilegi, Beasaingo Udaleko lehen bi arduradunek fokua beste nonbait jarrita izatea”.
“Inoiz baino garrantzitsuagoa da, Beasainen alde egitea. Inoiz baino beharrezkoagoa da, Beasaindarron alde egitea”, amaitu dute.