'Harimakila ihesi' erronkan parte hartu ahalko da Ordizian ostegunetik aurrera
Ihes gela antzeko jolasa da Harimakila-ihesi, taldean jokatzekoa eta erlojuaren kontra. 88 taldek parte hartu ahalko dute eta aldez aurretik webgunean izena ematea komeni da
Harimakilatik ihesi egitasmoa Ordizian da. Ihes gela antzeko bat da Harimakilatik ihesi, jolas bat, esperientzia bat, froga bat… Taldean pasa beharko dira frogak eta erlojuaren aurka jokatzen da, 60 minutu izango dira gelatik ihes egiteko. Ordizian bakarrik egongo da esperientzia hau bizitzeko aukera, irailaren 24tik azaroaren 28a bitarte. Epe horretan, 88 taldek soilik izango dute parte hartzeko aukera. Ordiziarrei eta goierritar guztiei informazioa helarazteko eta parte hartzera animatzeko gonbita eginez aurkeztu zuten ekimena, atzo, Maite Alonso Cuadradok (Setem Hego Haizea), Maider Sagredok (Calcuta Ondoan) eta udalaren ordezkariek (Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez alkateordea).
Ordizian probatu ahalko den jolasaren oinarria, 2014an Gasteizen sortu zuten proiektu batean dago. Helburu jakin batekin sortu zuten: «Asian, Latinoamerikan eta Afrikan, ehungintzan lan egiten duten langileek pairatzen duten giza eskubideen urraketa plazaratu eta esperientzia artistiko baten bidez, norberak, langile horiek dituzten baldintzak lehenengo pertsonan bizitzea». Harimakilak, kontsumo eta ekoizpenaren inguruko begirada kritikoa aktibatzea bilatzen du.
2020an, Harimakilaren hasierako ideian oinarrituz, «Harimakilatik ihesi» egitasmoa sortu da. Ekimena Begirada Kontzienteak programaren barne kokatzen da, kontsumo arduratsua eta pedagogia feministak sustatzen dira bertan.
«Guretzako ohore bat da halako ekimena Ordizian egiteko aukera izatea; guztiok hausnartu behar dugu gure erosketa ohituren inguruan, eta are gehiago horien atzean zer dagoen. Horregatik animatzen ditut herritarrak esperientzia honetan parte hartzera, guztiok ikasteko balioko du eta», azaldu du Ezenarrok.
Izen ematea
Abentura horretan parte hartzeko, talde bat sortu (2-5 pertsona) eta erreserba egin beharko da aldez aurretik, www.harimakila. org webgunean bidez. Harimakilatik ihesi, Ordiziako Cartonajes Nadal kalean kokatzen da, Herri Antzokiaren ondoan. Erreserba beharrezkoa da, eta doakoa da. Musukoaren erabilera, berriz, derrigorrezkoa. Ordutegia: asteazkenetik ostiralera 17:00etan eta 18:30ean eta 18:30ean.