«Ikaragarri estimatzen dugu jubilatu guztiokin akordatzea»
Jubilatu Egunean ez dute ekitaldirik egin Seguran osasun egoera dela eta. Udalak, halere, gozagarriak banatu ditu etxez etxe 65 urtetik gorakoentzat eguna gogoan izateko.
Pako Muñoa, Atseden jubilatu elkarteko presidentea // L.Goiburu Irailaren 20an egitekoa zen Jubilatu Eguna aurten, baina ez duzue ekitaldirik egin.
Ez, bilera txiki bat egin genuen herrikoekin, eta Atseden Jubilatu elkartetik bi lagun joan ginen. Erabaki genuen ekitaldirik ez egitea, baina eguna ospatzeko zerbait egitea 65 urte beteta dituztenen etxeetan.
Nolakoa izan da aurten egun hori? Nola ospatu zenuten?
Lehen ere etortzerik ez zuenari tartatxoa edo pastelak eta txanpan botila ematen zitzaizkion. Aurten ez zenez ekitaldirik egon behar, 65 urte beteta dituztenei txanpan botila eta bakoitzarentzako bi pastel eraman zaizkie.
Pozik agertu al dira jubilatuak? Zer sentsazio izan dute?
Bai, jendeak gustora hartu ditu. Udalak detaile handi bat eduki du etxez etxeko opari horrekin. Ikaragarri estimatzen dugu guztiokin akordatzea. Halere, ez du egun horretan egoten den giroarekin zerikusirik izan aurtengoak.
Nolako eguna izaten da Jubilatu Eguna? Zer egiten duzue?
Lehenengo meza ematen da urtean hildako jubilatuen izenean. Gero plazan aurresku bat dantzatzen dute eta adin handieneko pertsonari lore sorta bat ematen zaio. Hori bukatuta, frontoira joaten gara bazkaltzera. Aurten ez dugu halakorik egin.
Zer garrantzia izaten du egunak jubilatuentzat?
Festa bat izaten da jubilatuen eta adinekoen izenean. Bertsolariak ere izan ohi ditugu herrian. Egun bat jartzen du Segurako Udalak jubilatu guztiontzako eta hemen erresidentzia ere badaukagunez horiek ere zaintzaileekin joaten dira.
Aspaldiko ohitura al da Jubilatu Eguna ospatzea?
Bai. Herri askotan egiten dute, eta hemen irailaren 20 aldean izaten da, jaia gertuen tokatzen denean. Egun jakinik ez da egoten, baina Seguran irailean izaten da beti. Beste herri batzuetan urrian ere egiten dute.
Beste herrietako jendearekin ekintzarik egiten duzue?
Ez, bakoitzak bere herrikoa egiten du bere herrian.
Jubilatu Egunaz gain, beste festarik egiten duzue?
Jubilatuok San Tomasetan gaztain erreak eta txistorra jartzen ditugu dastatzeko gure txokoan, Atseden Jubilatu Elkarteko tabernan. Jubilatuentzat doan izaten da. Elkarteko kideok prestatzen dugu guztia. Horrez gain, ‘sanjoanetan’ jokoak antolatzen ditugu jubilatuentzako: toka, igela, bote eta horrelakoak. Hamaiketakoa ere ematen dugu ondoren.
Gero hiru irteera inguru egiten ditugu: Errioxa aldera askotan, beste batzuetan Santanderrera, Nafarroara ere bai… Egun pasa izaten da beti. 30 euro jartzen ditu bakoitzak eta horrekin autobusa, hamaiketakoa eta bazkaria ordaintzen ditugu.
Elkartea irekita al dago? Ekintzarik egin al duzue?
Aurten ez dugu ezer egin, otsailetik gaude horrela. Udalak egindako gozagarri banaketa hori egin da bakarrik. Taberna bezala irekita dago, baina ekintzarik ez dugu egin. Ostiralero, adibidez, bingoa egiten genuen elkartean, baina orain ez. Elkartean bat gaixotuz gero ea non geratzen garen guztiok….












