«Eguraldi ona edo txarra egin, beti ibiltzen gara oso gustura azokan»
Azaroaren lehen edo bigarren igandean izaten da, baina aurten ez dute egingo Txerri Azoka Mutiloan. Giro herrikoiaz gozatzeko eta txerrikiak dastatzeko aukera izaten da.
Txerri azoka egin ohi duzue garai honetan Mutiloan. Aurten ez duzue ospatuko. Penaz?
Pena handia, giroa oso polita izaten da. Nahiz eta eguraldi txarra izan, askotan guk uste baino jende gehiago etortzen da. Eguraldi ona edo txarra egin, beti ibiltzen gara oso gustura. Kontua da ez dela Txerri Azoka bakarrik, azkenean festa guztiak geratu dira bertan behera eta beldur puntu bat badago. Egoera gogorra da.
Beti data berean egiten duzue?
Bai, azaroaren lehen edo bigarren igandean, urtearen arabera. Azaroaren 1 igandea denean bigarrenean egiten dugu, aurten izango litzatekeen bezala.
Mutiloako Udala da antolatzailea eta herritarrak ere aritzen zarete antolatzaile lanetan.
Bai, herriko gazte eta edadetuxeagoak ere bai. Herriko jendea esku bat botatzen aritzen da.
Nolatan hasi zineten Txerri Azoka antolatzen? Txerrikiak jateko ohitura ba al dago?
Bada beasaindarrak bareak diren bezala, Mutiloakoak txerri gorriak gara. Horrela, festa bat antolatzeko asmoa zegoen eta txerri gorriak garenez ba horrelaxe sortu zen. Oso gustora gaude azokarekin. Txerrikiak jateko ohitura handia dago, eta egun hori gainera itzela izaten da.
Frontoia jendez lepo egon ohi da igande horretan.
Bai, kanpoan eta barruan postuak jartzen dira. Eta eguraldi txarra egiten duenean eliza atarian egiten dugu.
Jendeak nahiago du frontoian, azkenean jende gehiago gerturatzen da eguraldi onarekin eta frontoian ere espazio gehiago dago postuentzako.
Pintxoak, musika, edaria… eta 12:00etan erretako txerriaren dastaketa hasten da.
Bai. Txerria erretzera dedikatzen direnak goizeko 02:00etan etortzen dira dena prestatu eta txerria erretzeko, eta 12:00etan izaten da dastaketa. Ordurako jada ilaran egoten da jendea. Odolki erakusketa ere egoten da dastaketarekin batera. Bi emakume egoten dira tipula, porrua, odola…dena prestatzen eta sukaldatzen, jendeari erakusteko, eta jendeak interesa jartzen duela uste dut. Txerri erreaz gain, txerrikiak saltzen dira pintxotan: txorixoa, odolkia, urdaiazpikoa… denetik baina txerriarena bakarrik. Elkartean ere pintxoak egiten dituzte, eta han frontoian egiten ez den zerbait egiten dute: txerri hankak. Elkartekoek antolatzen dute, eta urtero arduradun talde bat osatu eta txandakatu egiten dira pintxoak sukaldatzeko. Horrez gain, umeek ikusteko txerri txikiak ekartzen dituzte kamioietan, eta umeek ere eskulanak egiteko aukera izaten dute. Gozokia ere izaten dugu, euskal tarta postua ere egoten da eta.
Eta 14:30ean herri bazkaria.Inguru herrietako jendea ere animatzen al da bazkarira?
Bai, babarrunak jartzen ditugu, 150 lagunentzako janaria prestatzen dugu. Hori prestatzen betikoak ibiltzen gara, baina edonork har dezake parte bazkarian. Eguraldi onarekin jende gehiago animatzen da, eta agian azkeneko momentuan erabakitzen dute bazkarira geratzea, baina eguraldi txarrarekin jendea hoztu egiten da eta ez da hainbeste animatzen. Azkenean 14:30-15:00ak inguruan hasten gara bazkaltzen dena jaso behar delako aurretik.
Azokan izaten diren postuak herrikoek jartzen al dituzte?
Kanpotik etortzen dira, herriko baten bat ere badago, baina kanpokoak gehienbat. Jatorri ezberdinetako ekoizleak izaten dira. Lehenengo urtean agian gehiago kosta zitekeen, baina orain oso gustura etortzen dira, haiek deitzen dute eta etortzeko prest egoten dira. Ingurutik ez ezik, Nafarroatik ere etortzen dira.
Eta bukatzeko, saskia.
Bai, saski bat ere zozkatzen da. Erositako zenbakiak kaxa batean jarri, ikusi gabe bat atera eta horrek hainbat produkturekin egindako saskia eramaten du.












