Zegama prest 25. ediziorako
Inoiz baino mendi lasterkari gehiago elkartuko da aurten, urteurrenak eraginda. Trail-running munduaren topaleku izango da asteburuan.
Zenbait korrikalari eta boluntario, iazko ostiral goizean, Zegamako plaza inguruan. Iñaki Gurrutxaga Zegamak Euskal Herrian egiten den kirol ekitaldi nagusietako bat hartuko du asteburuan, maiatzaren 15etik 17ra. 932 kirolari baino gehiago bilduko ditu aurten, inoizko gehien. Guztira 583 mendi lasterkari ariko dira lehian mendi maratoiaren 25. edizioan, 92 emakumezkoak. XII. Kilometro Bertikalean 250 kirolarik hartuko dute parte –58 emakumezkoak–, eta XV. Junior trailak 99 gaztetxo elkartuko ditu, horietatik 30 neskazkoak. Dena prest dute Zegaman urteurren borobilerako.
Apirilaren 30ean egin zuten Donostian Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. edizioaren aurkezpen ofiziala Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Iker Zubeldia Zegamako alkateak, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak.
Emakumeen partaidetza
Arizkorretaren esanetan, 25 nazionalitatetako korrikalariak bilduko ditu aurtengo edizioak, baina parte-hartzaileen % 25 baino gehiago Gipuzkoakoak dira eta % 35 baino gehiago EAEkoak. Golden Trail Word Series ligako lehen proba puntuagarria izango da.
Zegamako asteburuak gero eta emakume atleta gehiago biltzen dituela ere nabarmendu du. Maratoian emakumeen parte-hartzea % 15 ingurukoa izango da, KB kategorian %22 dira eta juniorrean % 30era igotzen da. «Datu horiek erakusten digute emakumeen parte-hartzea eta gaitasuna, bai orainaldian, bai etorkizunean, bermatuta dagoela».
‘Green Trail Concept’
Zegamako alkate Iker Zubeldiaren esanetan, Kilian Jornet fundazioak bultzatzen duen Green Trail Concept zigilua modu ikuskatu batean lortzeko lanean ari dira: «Trail running proben kudeaketa hobetzea da helburua, ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta etikaren ikuspegitik praktika jasangarriak txertatuz mendi-lasterketako proba horien antolaketan».
Azahara Dominguezek, bere aldetik, Zegamara joateko zerbitzu publikoa erabiltzeko deia egin die zaleei. «Autobusa da hitzordu handi honetan gozatzeko modurik erosoena». Ikus 3. orria.
Goierriren erakusleiho
Haren iritziz, «benetakotasunean oinarritutako eredu turistiko baten adierazle ezin hobea» da Zegama. Ideia hori berresteaz gain, Osinaldek Goierri ezagutzeko deia egin die bisitariei.













