FABORITOAK. Zegama osoa Kilian Jorneti eta Tove Alexanderssoni begira
Kataluniarra hamabigarren txapela irabazten saiatuko da. Suediarra lehen aldiz ariko da Zegaman, eta hautagai nagusia da.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren profila. Hitza Igande goizean jokatuko da 25. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Golden Trail Serieetako lehen proba puntuagarria. Aurten ere kirolari ugarik eman dute mendi maratoirik epikoenean parte hartzeko izena: 11.529 eskaera –iaz baino zerbait gutxixeago– erregistratu dira zozketan sartzen diren 225 dortsaletarako. Azkenean, 583 mendi lasterkari izango dira irteeran.
Zegamak kirolari ezagun asko hartuko ditu aurten ere. Gizonezkoen artean, Elhousine Elazzaoui iazko irabazlea eta Daniel Pattis, Luca Del Pero eta Lorenzo Beltrami –iazko hirugarren, laugarren eta bosgarrena– nabarmentzen dira. 25. urteurrena dela eta, txapel preziatuaren jabe guztiak gonbidatu dituzte: Kilian Jornet, Manuel Merillas, Remi Bonnet, Rob Jebb eta Mario Poletti Zegaman izango dira, besteak beste.
Lasterketak bestelakorik erakutsi ezean, Jornet da irabazteko faborito nagusia. 11 aldiz irabazia eta probaren errekorduna –2022an, 3:36:40–, Zegama-Aizkorriren 25. edizioko koska gorenera igotzea gustatuko litzaiokeela ez dago ukatzerik.
Alexandersson lehen aldiz
Emakumezkoetan, ez da faltako iazko garailea –Sara Alonso donostiarra– eta TOP 5 osoa Judith Wyder, Malen Osa, Rosa Maria Lara eta Theres Leboeufekin. Aurten lehen aldiz egongo da irteeran Tove Alexandersson, aurtengo Salomonen fitxaketa, iaz Canfranc 2025ean munduko irabazlea –Sara Alonso bigarrenari ordu erdiko abantaila atera zion–. Suediarrak emakumezkoen errekorra hobetu dezakeela uste dute antolatzaileek. Munduko 37 urrezko domina lortu da diziplina ezberdinetan –mendiko eskia, orientazio eskia…–. Beste edizio batzuetako irabazleak ere Zegaman izango dira, Ida Nilsson eta Angela Mudge, besteak beste.
Euskaldunak, etxean lehian
Euskal lasterkarien artean, Paul Ormaetxea, Ibai Larrea, Ander Iñarra, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi legorretarra nabarmentzen dira gizonezkoetan, eta emakumezkoetan Sara Alonso, Malen Osa, Oihana Zubillaga eta Ainara Uribarri, eta baita Euskal Selekzioko kide Lide Urrestarazu ordiziarra, Ainara Alkuaz eta Ainhoa Garikano ere.
FITXA TEKNIKOA
- Eguna: 2026ko maiatzaren 17a.
- Irteera eta helmuga: Zegamako plaza.
- Irteera ordua: 09:00.
- Distantzia: 42,195 km.
- Pasagune kontrolak: 13.
- Jan-edari postuak: 14.
- Tarteko helmugak: Aizkorri (22,58 km).
- Gorabehera metatua: 5.472 metro.
- Gehieneko altuera: 1.551 metro (Aketegi).
- Gutxieneko altuera: 296 metro (Zegama).
- Eremu teknikoa ehunekotan: %50 gutxi gora behera.
- Gehieneko denbora: 8 ordu.
- Zailtasuna: Oso handia.












