Azokan 10 euroren truke 20ko erosketak egin ahal izango dira
Zumarragako Udalak larunbatetako azokan kontsumitzeko bonuak kaleratu ditu. 20 euroko 580 bonu jarriko dira salgai eta ekimen honetara atxikitako postu guztietan kontsumitu ahal izango dira.
Bonuek 20 euroko balioa dute eta udalerrian bizi eta adinez nagusi diren guztiek 10 euroan eskuratu ahal izango dituzte. Ahalik eta erosle gehienengana iristeko, zumarragar bakoitzak bonu bakarra eskuratu ahal izango du.
Azoka egin aurreko ostegun eta ostiraletan Zelai Arizti kultur etxean eskuratu ahal izango dira: 09:30etik 14:30era. Azoka egunetan ere erosi ahal izango dira, udaletxeko arkupeetan jarriko den postuan.
Bonuak larunbat honetatik urtarrilaren 9ra erabili ahal izango dira. Atxikitako postuetan bakarrik. Atxikitako postuek kartel bat edukiko dute. Bonuak osorik gastatzen laguntzeko, 5 euroko lau txartel emango zaizkio erosle bakoitzari. Horrela, azokako saltzaileek 11.600 euroko sarrera izango dute gutxienez.
Egitasmoa Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu du. Herritarrak Gabonetako erosketak azokan egitera animatu ditu, bertan kalitatezko bertako produktuak aurkituko dituztelako.












