Denboraldia borobildu dute ordiziar igerilariek Euskal Herriko Txapelketan
Espainiako Txapelketarako gutxienekoak, marka pertsonalak eta dominak eskuratu zituzten goierritarrek.
Joan den asteburuan izan zuten Ordizia Igeriketa elkarteko igerilariek denboraldiko azken hitzordua Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan jokatutako Euskal Herriko Udako Txapelketan. Klubak azaldu du denboraldi osoan egindako lanaren emaitza izan zela asteburukoa. Bada, marka pertsonal ugari lortzeaz gain, hainbat domina ere eskuratu zituzten goierritarrek, “egindako lan eta ahaleginaren sari gisa”.
Espainiako Txapelketarako gutxienekoak ere lortu zituzten Intxixu Marinek eta Markel Araujok. Marinek 50 metro tximeletako proban eskuratu zuen bere bigarren gutxienekoa, eta Araujo, berriz, 50 metro bizkar proban sailkatu zen, Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratuta.
Klubak igerilariak zoriondu ditu denboraldi osoan zehar erakutsitako “konpromisoagatik, ahaleginagatik eta lortutako emaitzengatik”.












